Euskal Hirigune Elkargoak Bidarteko araztegi edo ur zikinak tratatzeko gune berritua inauguratu du, 5,6 milioi euroko inbertsioarekin. Instalazio modernizatu honek Bidarte, Ahetze eta Arbonako ur zikinak tratatuko ditu, 37.000 biztanle-baliokidekoa.
Euskal Hirigune Elkargoak Bidarteko araztegi berritua inauguratu du agorrilaren 27an, Kaperak karrikan kokatua. 5,6 milioi euroko inbertsioarekin gauzatutako azpiegitura honek Bidarte, Ahetze eta Arbonako ur zikinak tratatuko ditu, 37.000 biztanle-baliokidera arteko gaitasunarekin. Horri esker, hazkunde demografikoari eta uda garaiko turismo jario handiei erantzuteko prest dago.
1971an eraikia eta 1997an partzialki berritua izan zen aurreko araztegia bere mugara heldua zen, saturazio arriskuarekin. Berritze osoa ezinbestekoa bihurtu da, ingurumenaren babesa indartzeko eta zerbitzuaren jarraipena bermatzeko. Instalazio berriak tratamendu aurreratua eskaintzen du, energia kontsumoa murriztuz eta soinu mailako eragina txikituz. Gainera, Izpi Ultra Ubel bidezko teknologiarekin uraren kalitate ona bermatzen du.Araztegian tratatutako ura berrerabiltzeko aukerak ere aztertzen ari dira, ureztatze eta garbiketa lanetarako baliatuz, eta horrela ur edangarriaren kontsumoa murriztuz.
Obra hau Euskal Hirigune Elkargoak daraman saneamendu sarearen modernizazio plan zabal baten baitan kokatzen da. Ipar Euskal Herriko hainbat herritan beste araztegi batzuk berritu edo berritzeko bidean dira, hala nola Lakarra, Beskoitze, Makea, Hendaia edo Donibane Lohizune. Guztira, Elkargoak 95 milioi euroko inbertsioa bideratu du ur politikara, bere inbertsio-lerro nagusietako bat bilakatuz.