Bidarte (Ipar EH)

Bidarteko eskolako jantokian aste batez %100 tokiko eta bio elikadura zerbituko dute

Bidarteko eskolako jantegian, urriaren 6tik 10era haurrek jaten duten guztia tokikoa eta biologikoa izanen da. Biharko Lurraldearen elkarteak (BLE) abiatu duen esperientziak tokiko kalitatezko elikadura eta iraunkorragoa sustatzea du helburu.

Bidarteko eskolako jantokian aste batez %100 tokiko eta bio elikadura zerbituko dute
Bidarten, eskolako jantegiko sukaldariak prest dira esperimentaziorako. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2025/10/01 16:51

Bidarte hautatua izan da eskolako kantinan osoki tokiko janari biologikoa proposatzeko aste batez. Urtean zehar jantokian eskaintzen duten elikagaien %50,5 biologikoak eta %10 tokiko biologikoak dira, legeak galdegiten dituen gutxienekoak gaindituz.

Biharko Lurraldean elkarteak (BLE) esperimentazio honen bidez erakutsi nahi du Iparraldean ere posible dela %100 tokiko eta bio elikadura eskaintzea, kostuak handitu gabe. Bidarteko sukaldariak «Les pieds dans le plat» kolektiboko bi formatzailerikin ariko dira aste osoan haurrei kalitatezko janaria prestatzeko. Helburua da haurrei elikagai osasuntsuak ematea eta tokiko laborantza sostengatzea.

Egalim legeak kolektibitateei gutxienez %50 kalitatezko produktuak erabiltzea eta horien artean %20 biologikoak erabiltzea eskatzen die, baita laborarien ordainsari hobea bermatzea, elikagaien xahuketaren aurka borrokatzea eta kontsumitzaileari informazio argia eskaintzea ere. Akitania Berrian soilik %26,1 eskolak betetzen dute legearen agindua, eta horregatik Bidarteko esperientziak balio berezia du.

BLEk espero du esperimentazio hau beste herri batzuetan ere hedatzea, herritarrei kalitatezko janaria eskaintzeko eta tokiko laborantza biologikoa bultzatzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu