Munduko hizkuntza minorizatuetaz BIHAR izeneko kongresua irailan iraganen da Bilbon, Irunen eta Hendaian. Kongresua aitzin, Euskal Herriko hamar herritan hogei gogoeta saio antolatuko dituzte hizkuntzaren biziberritzeari buruz.
“Bihar, Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua” kongresua aurkeztu dute Hendaian Garabide, Taupa, Soziolinguistika Klusterra eta Plazara kolektiboek. Proiektuak euskararen eta munduko beste hizkuntza komunitateen arteko elkarlana indartu nahi du. Hizkuntza gutxituen etorkizunari begira biziberritze estrategia berriak lantzea helburutzat du, munduko komunitateen esperientziak partekatuz.
Iraileko kongresua baino lehen, Euskal Herriko hamar herritan hogei gogoeta saio antolatuko dituzte hizkuntzaren biziberritzeari buruz ekarpen bat egiteko. Baionan, bi saio izanen dira maiatzaren 12 eta 26an Biltxokon. Kongresua, bera, irailaren 23tik 26ra iraganen da Bilbon, Irunen eta Hendaian. Hitzaldi, tailer eta ekitaldi artistikoak izanen dira.
Kongresuaren azken egunean, UNESCOri zuzendutako manifestu bat aurkeztuko dute biziberritzen diren hizkuntzei buruz lerro bat izateko. Izen emaiteak idekiak dira, xehetasunak bihar.eus webgunean.