Eraldaketa ekologikoa Ipar Euskal Herrian: Urrats ttipiak, baina larrialdi klimatikotik urrun

Bizik aurkeztu du 2020an sinatutako Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren bilana: 56 herriren engaiamenduak aztertu dira eta emaitza ez da baikorra. Gehienek ez dute urratsik egin, eta batez besteko puntuazioa 0,9koa da

Eraldaketa ekologikoa Ipar Euskal Herrian: Urrats ttipiak, baina larrialdi klimatikotik urrun
2020an, Bizi-k manifestaldi bat antolatu zuen Itun ekologikoaren alde. BIZI
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/23 19:00

Herrietako eta elkargoko hauteskundeak sei hilabeteren buruan iraganen direla kontuan hartuta, Bizik aurkeztu du 2020an sinatu zuten Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren bilana. Ipar Euskal Herriko 56 herrik egin dituzten ekintza ekologikoak aztertu dira. Bizik 2020ko herriko bozetan proposatu zuen Ituna: zazpi arlo nagusitan antolatutako ekintzak biltzen ditu, eta sinatzaileek konpromisoa hartu zuten horiek guztiak herriko etxe eta elkargo mailan gauzatzeko.

Jarraipenaren ebaluazioan, Hitza Hitz batzordeak herriak sailkatu ditu biztanle kopuruaren arabera: 25 herri ttipi (2.000 biztanle baino gutxiagokoak), 16 herri 2.000 eta 5.000 biztanleren artean, eta 15 hiri 5.000 biztanle baino gehiagokoak. Metafora gisa, intsektuen eraldaketa-etapak baliatu dituzte herriko etxeen metamorfosi-maila irudikatzeko, eta ekintza bakoitzari puntuazio bat eman zaio: -1etik 4ra.

“Urrats ttipiak, hitzemanetarik eta larrialdiak galdatu heinetik urrun”

“Urrats ttipiak, hitzemanetarik eta larrialdiak galdatu heinetik urrun” izenburuak dioen bezala, oro har engaiamenduak ez dira bete. Aurten 46 herriko etxek bidali dituzte erantzunak (horietatik bostek ez dute ituna sinatua), eta 2021arekin konparatuz, 11 gehiago dira. Lehen aldiz, 5.000 biztanletik gorako 15 hirik ere erantzun dute. Aldiz, Arrangoitze izan da galdatutako informazio publikoa ez duen herri bakarra, eta Bizik CADAra jo behar izan du.

Txostenaren arabera, engaiamendu gehienak ez dira gauzatu: metamorfosiaren batez besteko puntuazioa 0,9koa 4en gain, eta inork ez du ekintza-maila aitzinatura iristea lortu. Herri gehienak lehen urratsetan dira, edo ekintzarik gabe.

Emaitzak xehetasun osoz kontsultatu daitezke hemen, herriz herri.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu