Poliziaren bertsioa gezurtatu du bere burua urera bota zuen emazteak blokatze egunean

Irailak 10ean, Baionako blokatzean, Lucie-k Aturrira salto egin zuen. Orain, berak eta Cécile Lafitte Abadie-k beren bertsioa plazaratu dute.

Poliziaren bertsioa gezurtatu du bere burua urera bota zuen emazteak blokatze egunean
Gertakaria Cécile Lafitte Abadieren penitxearen aitzinean gertatu zen. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/23 20:07

Irailak 10ean izandako blokatzeen harira, Lucie izeneko manifestari batek Aturrira salto egin zuen. Gertakaria Cécile Lafitte Abadie medikuaren penitxearen aitzinean gertatu zen, eta bai Luciek bai Cécilek beren bertsioa plazaratu nahi izan dute.

Goizean manifestariak rotondaruntz abiatu ziren, eta gauaz aitzin helikopteroek mugimenduak gainbegiratu zituzten, blokeorik ez izateko. Une batean, poliziak lakrimogenoak bota zizkien manifestariei, eta horrek taldearen atzerakada ekarri zuen. Momentu horretan gertatu zen guztia: manifestariek aterpe bila hasi zirenean, Cécileren penitxearen parean. Cécilek azaldu du manifestariei aterpea eskaintzeko prest zegoela, baina poliziak sarrera blokeatu zuela. Luciek, berriz, adierazi du poliziaren blokeoak eta errepresioak arriskuan jarri zutela, eta horrek bultzatu zuela salto egitera. Bere hitzetan, uretan poliziaren artean baino seguruago sentitu zen, eta igerilari ona izanik, erabaki “zentzuzkoa” izan zen.

Hedabideek gertakaria nola landu duten kritikatu du: polizia heroi bezala aurkeztu dela salatu du, baina bere ustez, poliziaren jarrerak berak eragin zuen hautu hori. Segipen judizialik ez dela ezarriko iragarri dute, nahiz eta, haien arabera, polizia ilegalki aritu zen Cécileren penitxera sartzea debekatuz.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu