Biarritzeko taldea zigortu du errugbia arautzen duen LNR Errugbiko Liga Nazionalak. Behin-behineko zigor administratiboa ezarri dio eta hirugarren mailara jaitsiko da. Miarritzeko herriko etxeak helegitea pausatu du, baita klubak berak ere.
Biarritz Olympique errugbi taldeak ProD2 maila galdu du eta Nazional mailara jaitsi da, bere egoera finantzario larria dela eta. Hala agindu du astelehen honetan LNR Errugbiko Liga Nazionalak, behin behineko zigor administratiboaren bidez. Milioi bat euro behar ditu Miarritzeko taldeak errugbi profesionalean segitu nahi badu heldu den sasoian.
Frantziako txapeldun handien artean izan den klub miarriztarrak bere aldetik helegitea pausatuko duela erran du ohar bidez, eta kirol agintaritzarekin lankidetzan aritzeko borondate duela gehitu du. Herriko etxeak bere sustengu osoa adierazi dio klubari, baina ez du finantzamendu mailan laguntzeko engaiamendurik erakutsi.
Mikel Amilibiak esatari edo speaker lanak egiten ditu etxeko partidetan. Ez du sorpresaz hartu erabakiak. «Ostiraleko partidan jakin genuen berria. Zurrumurru anitz badira baina egoera hau ez da berria. Ez dut uste mailaz jaitsiko garenik, atzemanen da konponbide bat».