Hazparne (Lapurdi)

Bob’s Beer garagardo hazpandarraren aro berria Egarri Drinks-en eskutik

Bob’s Beer garagardo hazpandarra Egarri Drinks enpresari saldua izan zaio. Marka, langileak eta espiritua mantenduz, helburua da zailtasun ekonomikoak gainditu eta proiektuari etorkizun oparo bat eskaintzea.

Bob’s Beer garagardo hazpandarraren aro berria Egarri Drinks-en eskutik
Xalbat Seosse (eskuin) Egarri Drinks enpresako burua.
Esteban Bastié Aguerre
2025/04/17 06:17

Garagardo artisauen munduan izen ezagun bihurtu den Bob’s Beer markak aro berri bati ekingo dio. Hazparnen sortu zen duela 15 urte Robin Worboys britainiarraren eskutik, eta urte hauetan zehar tokiko ekonomiaren eta garagardo kulturaren parte bilakatu da. Azkenaldian, ordea, kudeaketa arazoek eta finantza zailtasunek etorkizun zalantzazkoa ekarri diote enpresari. Horren ondorioz, marka saldu dute, eta orain Egarri Drinks enpresaren esku geratuko da.

Bob’s Beer-en azken urteetako ibilbidea ez da samurra izan. Emmanuel Del Pino-k hartu zuen gidaritza duela bost urte, eta horrekin batera zenbait proiektu berri abiatu zituzten, tartean Angeluko garagardotegi-ostatua, hau da, brewpub bat irekitzea. Ekimen ausarta izan arren, finantza arazoak ekarri zituen, eta horrek kolpatu du azken hilabeteetan enpresaren egonkortasuna.

Salmentaren atzean, egoera ekonomikoaren larritasuna dago. Hala ere, erosle berriak, Xalbat Seosse buru duen Egarri Drinks enpresak, lasaitasun mezua zabaldu du. Bere hitzetan, marka ezaguna eta bere filosofia mantentzeko asmoa dute: "Zenbakiak hobetzea da helburua, baina Bob’s Beer-en izaera eta espiritua gordez". Seossek adierazi duenez, enplegua ere bermatu nahi dute, eta gaur egungo sei langileak talde berrian integratuko dira.

Egarri Drinks enpresak, gainera, Hegoaldeko merkatura irekitzea du helburu. Horren adierazle, bulego berri bat zabaldu dute Hego Euskal Herrian, beren presentzia eta eragina handitzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu