Urriaren 25ean hauteskundeko bigarren itzulia iraganen da Brasilen. 2023tik poderean den Lula eta Flavio Bolsonaro eskuin muturreko politikariaren arteko norgehiagoka iraganen da. Poderea ideologia faxistari itzultzeak kezkak bpizten ditu herrian.
Bolsonaro bat gal eta hamar harrapa. Zori txarrez, ez dute hamar izaiteko beharrik eszena politikoa zankaz gora ezartzeko: aski da birekin. Urriaren 25 honetan, hauteskundeko bigarren itzulia iraganen da Brasilen, lehendakari berriaren hautatzeko. 2023tik poderean den Lula ezkertiarra eta Flavio Bolsonaro eskuin muturreko ber izeneko lehendakari ohiaren semearen arteko norgehiagokak eragin handia luke Hego Amerikan: Bolsonarok Brasilen irabazten balu, Uruguai baizik ez litzateke Eskuin Muturraren aztaparretatik at geldituko.
“Dutxa hotz bat” izan zen, Daia Harluxeten ikuspundutik, urriaren 4ko lehen itzulia. Irisartarrak Brasilen ditu jatorriak, eta momentu honetan han bizi da bere ikesketen kari. Hark ere sorpresa osoz deskubritu zituen emaitzak: Flavio Bolsonaro Lula aitzinean iritsi zen bozen %47rekin, gaurko lehendakariak %45,2 bildu zuen bitartean. 2023an Lula lehendakari bilakatu zelarik, horrat arte poderean zen Flavio Bolsonaroren aita, Jair, estatu kolpe bat burutzen entseatu zen. 27 urteko presondegi zigorrera kondenatu zuen Justiziak. Gaur egun, oraindik kartzelatua da eskuin muturreko politikaria. Baina bere semea pasatzen balitz, barkatu lioke aitari presidente berriak.
Brasilen demokraziarekin bururatzeko arrisku larri bat litzateke
Daia Harluxet
Flavio, bere aita bezala, eskuin muturreko politikaria da. Herrialde anitzetan bezala, ideologia faxista bultzatzen duen milizianoa ustelkeriaz akusatua da. Daia Harluxetek argi du: Bolsonaro pasatzen balitz, “Brasilen demokraziarekin bururatzeko arrisku larri bat litzateke”. Bizia gogor bilakatu ondotik, herritarrek kanpora pusatu zuten Jair Bolsonaro. Estatu kolpearen entseguak ere, kasik aho batez kondenatu zuten brasildarrek. Alta, hara, ezagutze ukaezina da: gaur egun, aitaren ber norabidea hartu duen semeari poderea itzuli nahi diote brasildarren frangok.
“Beste zerbait entseatzeko gogoa”
Nola esplikatu, beraz, Lula presidentea haizatu nahi duela biztanleen parte lodiak? Alta, ekonomia zenbaki adierazleak onak dira: ekonomia dinamikoa izan da bere mandatuan. Lan gabeziaren tasa apaldu da, gutxieneko soldata emendatu da eta zergak apaldu dira klase ertaineko herritar anitzentzat. Pobreziaren kontra lan egin du Lulak, eta emaitzek erakusten dute: lehen itzulian, herrialdeko eskualde pobreenetan ezkertiarra da nagusitu boz ontzietan. Eskualde aberatsenetan, edo bederen erdi mailako klaseak aterpetzen dituztenetan, berriz, eskuin muturrak du aitzina hartu. Baina, hara, “dena ez du konpondu Lulak, eta jende anitzek oraindik sufritzen dute”, Harluxetek kondatzen digunez. Jendeak ez du “gehiago politikan sinesten”, eta argiki, Lulaz “aspertuak” dira eta “beste zerbait” entseatu nahi dute: itxuragabekeria irisartar gaztearentzat. Aitarekin jadanik entseatu zuten.
8.5 milioi metro karratuko herrialdea da Brasil. Holako lurralde batek errealitate desberdin andana bat edukitzen du, eta orokortzea ezinezkoa litzateke. Hala ere, aspektu batzuk besteak baino argiagoak dira. Zer erranik ez, ezin ukatua da: erlijioak Bolsonaroren alde jokatzen du. Biztanleen herena ebanjeliokoa da Brasilen, eta komunitate hau, arrazoi politiko argientzat, Bolsonaroren alde agertzen da. Bestalde, aipatzekoa da eskuin muturreko politikariak eraman duen kanpaina bortitza. Irauten duen inflazioaz baliatu da klaseen arteko tentsioak sortzeko. Hainbat aldiz erdi mailako klaseei mailukatu zien, Bolsonarok, langabezian zirenek Estatuko dirua “ahalkerik gabe baliatzen” zutela.
Trumpen informazio faltsuen matxinada
Sare sozialetan, batez ere, poderean den presindetearen aurkako gerla numerikoa izan da. Meta enpresak bere rola baluke, ere, kanpaina hasi denetik azkarki hedatuak izan diren Bolsonaroren aldeko mezuen bultzatzeko, bere algoritmoei esker. Presidenteari buruzko informazio faltsu frango zabaldu zituzten teknika horri esker, irisartar gazteak kondatu digun gisan: “jendeak gaizki informatua dira: ez dute politika ezagutzen, eta irakurtzen dituzten informazio bakarrak sare sozialetan anitz hedatzen diren informazio faltsuak dira”. Preseski, aspalditik ber teknika baliatzen duen Donald Trumpek hainbat aldiz bere laguntza eta sustengua helarazi dio Brasilgo eskuin muturreko alderdiari. Eta lorpena aitortu behar da: legegintza bozak irabazi ditu eskuinak urriaren hastapenean.
Populazioaren asaldura
Baina, hala eta guziz ere, esperantza bada. Lehen eta bigarren itzulien artean asaldura handia izan da herrialdean. Sare sozialetan, alde batetik, “milioika pertsona algoritmoen kontra borrokatzen ari dira”, kondatu digu Daia Harluxetek. Eta karrikan, beste aldetik: “jendea iratzarri da, eskuin muturrari aurre egiteko karrikan atera da. Hori eskuin muturrak ez du”. Bi itzulien artean, azkarra izan da populazioaren erreakzioa. Milaka pertsonak haien kezka helarazi du karrikan, elkarretaratze erraldoien bidez. Faxismoari aurre egiteko haserriak sortu ditu biztanleriak. Daia Harluxet haietariko bat da. Azaldu digun bezala, “belaunaldi guzietako jende biziki desberdinak mobilizatzen ari dira, Whatsappen, sare sozialetan edota karriketan: bakoitza bere kabuz bere ekarpena ekartzen entseatzen da”. Adingabeak, gurasoak, gazteak zein haurrak batzuetan, denek argi dute: eskuin muturrak ez du berriz ere irabaziko Brasilen.