Xiberoako espartingintzak urte zailak bizi ditu. Globalizazioaren eta nazioarteko lehiaren ondorioz, azken urteetan hainbat lantegik ateak hetsi dituzte. Hala ere, sektorea bizirik atxikitzeko aterabideak xerkatzen dituzte.
Duela lau urte sei espartin lantegi baziren Xiberoan, gaur egun bost baizik ez dira gelditzen. 2023an Biarnora joan zen Megam Espasoule enpresa iaz hetsi zen eta aurten Prodisok bere ateak hetsi ditu. Azken urteetan, ekoizpena apaldu behar izan dute atelierrek, eskaera nabari jaitsi baita. Hala ere, ekoizleek diote egokitzen jakin dutela: lehen modelo guti egiten bazituzten, gaur egun hamarka proposatzen dituzte, merkatuari egokitzeko.
1978an 1.800 langile ari ziren espartingintzan; gaur egun, aldiz, Zetoiles, Don Quichosse, Artmaite, Arsène eta Tauzin lantegiak baizik ez dira gelditzen. Xiberoko Botzak agorril hastapen honetan egindako zenbaketaren arabera, 50 langile dituzte zazpi enpresa horien artean.
Mauleko Herriko Etxeak espartin zentro bat sortu nahi du sektorea sustatzeko. Artmaite eta Don Quichosse lantegietako arduradunen ustez hobe liteke historiari lotutako museo edo euskal museoaren antena baten sortzea, bisitari gehiago erakartzeko. Hain zuzen ere, 2029rako ireki nahi luke Baionako euskal museoak Mauleko adarra.
Anartean, espartin egileen sustengatzeko Espartinaren Besta eginen dute Maulen larunbatean, 10:00etatik goiti. Egun osoan animazioak, espartingintzaren erakustaldiak, musika, lasterketak eta tokiko ekoizleen produktuak izanen dira.