Buruhauste handia da bizitegi baten atzematea gazteentzat, Ipar Euskal Herritik kanpo ikasteko

Hego Euskal Herrira joaten dira batzuk baina anitz Bordele, Paris edo Lillera doaz. Hiri handietan zaila da etxebizitzen bisitatzea distantziagatik. Parisen ere baina Euskal Etxeak Iparralde edo Hegoaldetik datozen 40 gazte laguntzen ditu urtero.

Buruhauste handia da bizitegi baten atzematea gazteentzat, Ipar Euskal Herritik kanpo ikasteko
Saint-Ouenen kokatzen da Pariseko Euskal Etxea. EUSKAL ETXEA
Kriztof Arotzarena
2026/08/28 07:00

Ibilbide luzea bizitzen dute usu ikasleek etxebizitza baten atzemaiteko Ipar Euskal Herritik kanpo


Zientzia politikoa eta kazetaritza ikasiko ditu Lillen, Euskal Irratietan ari izan berri den Aiala Etxeberri-Latapyk. Unibertsitatearen inguruan, Crous erakundeak identifikatu 50 bizitegi baten izateko aukera ukatu zioten lehenik. Eta ondotik, zaila izan zaiola etxebizitza baten lortzea azaldu digu Aiala Etxeberri-Latapyk, batez ere bisita birtualak ez baitzizkioten onartzen jabeek. Azkenean 2.000 kilometroko joan-etorriko bidaia egin behar izan du baten bisitatzeko eta lortzeko.


Euskal Herriko 40 gazte laguntzen ditu urtero Pariseko Euskal Etxeak

Arazo bera da Parisen. Baina Euskal Herritik datozen ikasleek xantza gehiago badute. Urtero, 40 bat gazte laguntzen baititu Euskal Etxeak, ganbera bat prezio onean proposatuz lehen urtearentzat. Ekonomia ikasketak Parisen eramanen ditu Johane Larre-Salaberrik eta pozik agertzen da maila ekonomikoaren aldetik baita maila sozialaren aldetik ere. 450 € ordainduko dizkio Euskal Etxeari hilabetero jakinez horren doblea pagatu beharko zuela eremu berdineko bizitegi pribatu baten alokatzeko Frantziaren hiri nagusian.


Hiru baldintza bete behar dira Pariseko Euskal Etxeko ganbera baten lortzeko


Maiatzetik irailera, hilabetean bi aldiz biltzen dira Pariseko Euskal Etxeko lau kide galdeen aztertzeko. Eta hiru puntu bete behar dituzte galde desberdinek onartuak izateko gisan.


Antoine Lajournade Pariseko Euskal Etxeko bizitegi komisioko kidea


Jakin 400 kide inguru dira Pariseko Euskal Etxeko elkarte desberdinetan. Kantu, hizkuntza, dantza eta kirol ekitaldiak ditu gehien bat antolatzen Euskal Etxeak.

Interesgarri izanen zaizu