CADE eta Bizik Lapurdiko hautagaien AHTaren proiektuari buruzko erantzunak argitaratu dituzte.

Burdinbide berri bat sortu ordez, Bordele eta Irun arteko trenbidea berritzea lehenesten dute bi elkarteek. Lapurdiko hautagaiak gai horri buruz interpelatu dituzte, haien iritzia plazaratzeko. Gehienek erantzun badute ere, batzuk isilik egon dira.

CADE eta Bizik Lapurdiko hautagaien AHTaren proiektuari buruzko erantzunak argitaratu dituzte.
Urteak badira, AHTaren proiektuak eztabaidak sortzen dituela. EUSKAL IRRATIAK
Xarlot Etxeberri
2026/03/09 17:56

Bordele eta Irun arteko trenbidearen proiektuak eztabaidak pizten segitzen du. Burdinbide berri bat sortu ordez, CADE eta Bizi elkarteek jadanik plantan den Bordele eta Irun arteko trenbidea berritzea nahi dute. Zentzu horretan doa Irungo deia, Bordele, Irun eta Baionako auzapezek eginik. Arrazoi ekologistak hartzen dituzte ardatz CADE eta Bizik, auzapezek aterabide “merkeagoa, xumeagoa, obratzeko lasterragoa, eta ekosistema eta lurraldeekin errespetuzkoagoa” aipatzen zutelarik.

Lapurdiko hautagai guziak interpelatu dituzte bi elkarteek, galdeketa baten bidez, sortzea edo berritzearen alde direnetz jakiteko. Haien erantzunak gurutzatu dituzte Hirigune Elkargoan iragandako gai horri buruzko bozekin, zehaztuz Irungo deia izenpetu zutenetz hautetsiek.

Hautagai gehienek erantzun dute, modernizazioaren alde agertuz. Batzuek, aldiz, ez dute erantzun (*).

 


(*) Erantzun ez duten hautagaiak: Biriatuko Michel Hiriart; Ziburuko Jean-Louis Poulou; Donibane Lohitzuneko Manuel De Lara; Azkaineko Bénédicte Luberriaga; Ahetzeko Ramuntxo Goyetche; Arbonako Jacqueline Peigneguy; Miarritzeko hautagai guziak, Ana Ezcurra izan ezik; Basusarriko eta Getariako hautagai guziek; Bidarteko Emmanuel Alzuri; Arrangoitzeko Philippe Echeverria; Basusarriko hautagai guziak; Angeluko Claude Olive; Beskoitzeko Pascal Jocou eta Catherine Errecart; Kanboko Christian Devezek eta Peio Etxelekuk; edota Baionako Henri Etchetok eta Pascal Lesselier-k.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu