Miarritze (Lapurdi)

'Canon français' ekitaldia ezeztaturik?

Asteazken arratsalde honetan, Canon français ekitaldiaren ezeztatzeari buruzko agiri bat zabaldu da. Baina gure informazioen arabera, berri faltsua litaike.

'Canon français' ekitaldia ezeztaturik?
Hainbat eragilek urrian iragarri zituzten 'Canon français'-ren kontrako mobilizazio desberdinak. EUSKAL IRRATIAK
Erredakzioa
2026/11/04 19:16

Canon français ekitaldiaren kontrako mobilizazioak forma desberdinak hartzen ditu. Afixa edo pintada frango ikusten dira gure bide bazterretan, eta azaroaren 28ko mobilizazio desberdinak iragarriak izan dira. Baina aldi honetan, beste molde batez egin dute ekintza.


Asteazken arratsaldean, mailez errezibitu dugu komunikatu bat, ekitaldiaren ezeztatzea iragartzeko. Arrazoiak zerrendatzen ditu idatziak: kontrako mobilizazioen lanjerra, seguritate eskasa edota Euskaldunen “horda” beldurgarria. Komunikatuaren bururatzean, helbide bat: canonfrancais.fr. Web orrialde horretan, Miarritzeko ekitaldia ezeztatua dela ikusten ahal da.


Baina ongi kasu emanez, ohartzen ahal gira Pierre-Edouard Stérin eskuin muturreko enpresaburuak diruztatzen duen ekitaldiaren webgunearen helbidea desberdina dela: lecanonfrancais.fr. Webgune horretan, ezeztatzearen berririk ez. Iduri luke beraz lehen orrialdea bigarren honen kopia bat dela. Horretaz gain, gure informazioen arabera, canonfrancais.fr domeinua pasa den urriaren 26an erosia izan da.


Detaile horri gehitu behar zaio beste bitxikeri bat: Canon français-ren sare sozialetan, ezeztatzearen berririk ez. Iduri luke beraz berria faltsua dela. Segur dena da frango fite zabaldu dela, eta berriz ere argitan ezarria izan dela eskuin muturreko publikoa erakartzen duen ekitaldia.


Beste ekintza bat itsasbazterrean


Asteartean, “Canon français ez” pintada xuri handi bat agertu da Donibane Lohitzunen, Santa Barbarako murru batean. Herriko etxeak salaketa pausatu du baita Pierre Edouard Stérin-ek ere, Canon français diruztatzen duen eskuin muturreko enpresaburu horren etxean ere tindaketak eginak izan baitira.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu