Hendaia (Lapurdi)

Ceutako krisia aitzakiatzat harturik, mugako polizia kopurua bikoiztu du frantses gobernuak

Joan den aste bukaeran Espainiak Marokon duen Ceutako muga 50.000 lagun inguruk gurutzatu ondotik, 400 polizia eta militar inguru mobilizatu ditu Frantziako barne ministerioak Pirinio Atlantikoetan.

Ceutako krisia aitzakiatzat harturik, mugako polizia kopurua bikoiztu du frantses gobernuak
Jendarmeak, Santiago zubian muga kontrol bat egiten, atzo. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/08/04 13:37

Mediterraneoaz beste, eta Schengen eremutik kanpo, 50.000 lagun inguruk Espainiaren menpe den Ceutako eremura sartzea lortu zuten iragan aste bukaeran, eta dozenaka zendu ziren saiakeran. Espainiar gobernuak hedatu zuenez, asteburuan bertan itzuli ziren gehienak Marokora. Europako eskuinak eta eskuin muturrak baina ez zuten migratzaileen aurka egiteko aukera galdu, eta aho beretik mintzatu -eta ekin- du Laurent Nuñez barne ministro frantsesak. Ostiralean berean iragarri zuen Frantzia eta Espainiaren arteko mugan presentzia poliziala indartuko zuela; larunbaterako ondorioak nabari ziren Irun eta Hendaia artean.

Hastapenean azken urtean dozena bat aldiz aktibatu den Force Frontière aipatu zuen Nuñezek egun gutxiko operazioa iradokiz. Haatik atzo Samuel Gesret Paueko suprefet eta prefetaren faltan estatuaren ordezkari gorena Biriatun izan zen, eta azaldu zuenez, behin-behinean atxikiko dituzte kontrolak. Hala, ohikoan mugan posizionatuak dituzten agente kopurua bikoiztu dute, 390 polizia eta militarrera iritsiz.

Azken egunetan ikusi ahal izan dugunez, Hendaiako tren geltokian ohiko dispositiboak jarraitzen du, PAF mugako eta aireko poliziaren patruila batekin; PAFen bertze patruila bat eman dute Avenida zubian, jendarmeria mugikorraren konpainia bat Santiago zubian mobilizatu dute, polizia nazionalaren edo CRSen kontrola dago Pausuko zubian, eta Biriatuko ordainlekuan berriz ohiko dispositiboa da, azkartua, eta Espainiako polizia nazionalaren presentzia puntualarekin.

Avenida zubian PAF mugako poliziako bi agente daude une oro, tarteka Sentinelle indarreko militarrekin batera. ANTXETA IRRATIA

Ondorioak berehala sumatu dira ere: Santiago zubian, Txik Txaken 15. lineako autobusa sistematikoki gelditzen du jendarmeriak, barrura sartuz eta azal kolore iluna duten bidaiariak kontrolatuz. Tren geltokian, beroan egindako itzultze bat ikusi zuen Antxeta Irratiko kazetari batek atzo. Eta bigarren mailako ondorioa izanik ere, udako joan-etorri egun hauetan, trafikoa are gehiago okertu dute kontrol zorrotzek.

Samuel Gesret suprefetak azaldu zuenez, EB Europar Batasuneko atzerri ministroek gaur egitekoa duten bilkuraren ondotik erabakiko dute neurri hauek noiz arte atxiki. Halaber, aurreikustekoa da luzatuko direla. Espainiak Ceutan duen enklabe kolonialetik Bidasoako mugara iristeko, Schengen eremura sartu behar da, ferryz, pasaporte kontrol bat pasaz. Iragan aste bukaeran Marokotik atera ziren lagunek ezin lukete halakorik lortu bisarik izan gabe.

Interesgarri izanen zaizu