Daniel Landarten ibilbidea goretsiko dute azaroaren 21ean, Uztaritzen. Euskaltzaindiak, Uztaritzeko Herriko Etxearekin eta Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean, ‘Daniel Landarten iturritik...’ ekitaldia antolatu du.
Donoztirin sortua, baina azken hiru hamarkadetan Uztaritzen bizi den Daniel Landartek euskal kulturaren alor anitzetan utzi du bere arrastoa. Hamazazpi urterekin hasi zen euskaraz idazten, 1960an lehen antzezlanak ondu baitzituen. Ondotik, euskarazko antzerkigintzaren sustatzaile nagusietako bat izan zen 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan.
Orotara, 15 antzerki idatzi ditu, eta antzerki konpainia andana lagundu. Kantu ezagun anitzen hitzak ere ondu ditu, Errobi taldeak, Mikel Laboak, Gorka Knörrek, Mattin Lerissak plazaratuak besteak beste. Eleberriak eta saiakerak ere idatzi ditu, eta Euskal Kultur Erakundeko zuzendariorde izan da zenbait urtez.
Antzerkia, literatura eta kantua ardatz
10:00etan emana da hitzordua Uztaritzeko Lapurdi gelan. Egitarauak Landarten bizia eta obra artistikoa izanen ditu ardatz, antzerkia, kantua eta literatura uztartuz. Pantxoa Etchegoinek emanen dio hasiera ekitaldiari, kulturgilearen biografiari buruzko mintzaldi batekin.
Ondotik, haren ibilbideko ikus-entzunezko artxiboak proiektatuko dituzte. Jon Casenave unibertsitateko irakasleak, berriz, Landarten Aihen ahula eleberria aztertuko du. Gero, idatzitako antzerki zatien irakurketa eginen dute Kattalin Sallaberryk, Mizel Mateok, Menane Oxandabaratsek eta Peio Berhokoirigoinek.
Azkenik, haren kantuetako batzuk emanen dituzte Anje Duhaldek, Mixel Ducauk eta Mattin Lerissak. Sartzea urririk izanen da.