Uztaritze (Lapurdi)

Daniel Landarten kultur ibilbidea omendu dute Uztaritzen

Uztaritzeko Lapurdi gela mukuru bete da joan den azaroaren 21ean, Daniel Landart kulturgile eta ohorezko euskaltzainaren ibilbidea omentzeko.

Daniel Landarten kultur ibilbidea omendu dute Uztaritzen
'Daniel Landarten iturritik...' Uztaritzen. EUSKAL IRRATIAK
Irulegiko Irratia
2026/11/23 08:50

Euskaltzaindiak, Euskal Kultur Erakundearekin eta Uztaritzeko Herriko Etxearekin elkarlanean antolaturiko ‘Daniel Landarten iturritik...’ ekitaldian, antzerkian, literaturan eta kantagintzan egin ekarpena gogoratu dute.

Donoztirin sortua eta azken hiru hamarkadetan Uztaritzen bizi den Daniel Landart bera ere hor zen, jendearen artean. Haren bizia eta obra izan dira eguneko ardatz, hainbat belaunalditako euskal kulturgintzan utzi duen arrastoa agerian emanez. Hamazazpi urterekin hasi zen Landart euskaraz idazten, eta 1960an ondu zituen lehen antzezlanak. Ondoko hamarkadetan, euskarazko antzerkigintzaren sustatzaile nagusietako bat bilakatu zen. Orotara, 15 antzerki idatzi ditu, eta antzerki-konpainia andana lagundu.
Uztaritzeko Lapurdi gela mukuru beterik 'Daniel Landarten iturritik...' ekitaldiaren kari. EUSKAL IRRATIAK

Antzerkiaz gain, kantugintzan ere ekarpen handia dauka. Kantu ezagun anitzen hitzak idatzi ditu, besteak beste, Errobi taldearentzat, Mikel Laboarentzat, Gorka Knörrentzat eta Mattin Lerissarentzat. Eleberriak eta saiakerak ere idatzi ditu; orotara, 11 liburu argitaratu ditu. Euskal Kultur Erakundeko zuzendariorde ere izan da zenbait urtez.

Ekitaldiari hasiera emateko, Pantxoa Etchegoin euskaltzain urgazleak Landarten biografia aurkeztu du. Ondotik, Jon Casenave euskaltzain osoak ‘Aihen ahula: gizarte baten miraila’ mintzaldia eskaini du, Landarten eleberriari begira.

Kantu-hitzen bilduma heldu den urtean

Kulturgilearen ibilbidea ez dute hitzez bakarrik oroitu. Haren bizitzako ikus-entzunezko artxiboak proiektatu dituzte, eta Kattalin Sallaberryk, Mizel Mateok, Menane Oxandabaratsek eta Peio Berhokoirigoinek Landartek idatzitako antzerki-pasarte batzuk irakurri dituzte.
Landartek idatzitako antzerki-pasarte batzuren irakurtzen Pantxoa Etchegoin eta Peio Berhokoirigoin. EUSKAL IRRATIAK

Azkenik, haren kantuetako batzuk eman dituzte Anje Duhaldek, Mixel Ducauk eta Mattin Lerissak. Euskaltzaindiak ekitaldia baliatu du Daniel Landarten kantuen hitzak bilduko dituen liburu baten argitalpena iragartzeko. Liburua heldu den urte hastapenean plazaratuko du Akademiak.
Anje Duhalde eta Mixel Ducau kantuz. EUSKAL IRRATIAK

Interesgarri izanen zaizu