Gero eta dantzaldi guttiago dira herriko bestetan, txaranga eta dj-ek arrakasta handia dutelarik. Jendeak bestetan ez du gehiago euskal dantzarik dantzatzen, herrietan ez delako gehiago ikasten.
Dizkobolo, Ixtaklok, Kalume... ez da ezohikoa txaranga horien izenak bestetako afitxetan atxemaitea. Herriko bestak abiatuak dira, eta kasik asteburu guziz bada kontzertu batera joaiteko parada. Ipar Euskal Herriko panorama orokorrari behako bat emaitean, txarangak, talde handiak, eta dj-ak dira gehienik agertzen. Besten programazioek usu modelo berdina segitzen dute, eta talde berdinak agertzen dira behin eta berriz.
Anartean, dantzaldien kopurua ttipitzen ari dela iduri du. Patrik Larralde Kontrabanda musika taldeko musikaria da, eta bera ere ohartzen da, taldea dantzaldi estilokoa izanik, ez direla gehiago hain galdeginak. Duela hiru urte haien ateraldiak ttipitzen ari dira. Publikoak ez du gehiago hainbeste dantzatzen; nahiago dute ostatuetan egon, eta horrek dantzaldi estiloko taldeen funtzioaren aldaketa bat ekarri du.
Dantzak ez du gehiago rol sozialik
Musikariaren ustez, Euskal Herri osoan guttiago dantzatzen da duela hogei urte baino, lehen euskal dantza eskoletan ikasten zelako, eta gaur egun ez. Dantza taldeetara joan ezean, jendeak ez du ikasten. Hari beretik, dantzak ez du gehiago funtzio sozialik, funtzio artistikoa baizik, eta plazetan hori senditzen da. Salbuespen batzuk badira. Uharte Garazin adibidez, urtean zehar dantza kurtsoak badira besten garaia arte, eta kulturalki biziki presente da.
Patrik Larraldek hiru kategoria ikusten ditu besten programazioan, musika aldetik. Badira kontzertuetako musikaren errepertorioa emaiten duten elektrotxarangak deitzen dituzten komiteak, eta publiko zabala atxemaiten dute. Badira ere dantzaldiak atxikitzen dituzten komite batzuk, baitakite herritarrek dantzatzea maite dutela. Azkenik, urriagoa da, baina besta komite batzuek playlistak ezartzen dituzte zuzeneko musikaren ordez, prezio aldetik eramangarriagoa delako. Haatik, Patrik Larraldek dio musika hori ere ez dela kitorik, eta SACEM bezalako organismoer deklaratu behar litzaiekeela.
Prezioaren muga
Aurrekontuaren argumentua behin baino gehiagotan agertzen da besta komiteengan. Batzuetan herritarren gustuen arabera egiten dira musika taldeen hautuak, baina besteetan, aurrekontuak edo sos zamak baldintzatzen ditu. Komiteek hautu bat egin behar dute talde ttipi ainitz edo talde handi bakarra ekarraraztearen artean, eta usu pario bat da, ezin delako jakin jendea hurbilduko denez.