Miarritze (Lapurdi)

Dantzaren Maitaldia: Thierry Malandain zuzendari artistikoaren azkena, irailaren 10etik 21era

Maitaldia festibala berriz heldu da irailaren 10etik 21era 36. edizioa ospatzeko, 80 hitzordurekin, Euskal Herriko eta Biarnoko hemezortzi herritan. Martin Harriaguek hartuko du Malandainen segida.

Dantzaren Maitaldia: Thierry Malandain zuzendari artistikoaren azkena, irailaren 10etik 21era
Serge Blanco Miarritzeko auzapeza (ezker) eta Thierry Malandain zuzendari artistikoa (eskuin). Bere azken Dantzaren maitaldia izanen du. XALBAT ALZUGARAI (BERRIA)
Esteban Bastié Aguerre
2026/05/27 07:00

Dantzaren Maitaldia festibalak irailaren 10etik 21era ospatuko du bere 36. edizioa. Mugak murriztaraztea xede duen dantza festibal eskuzabala eta herritarra da Dantzaren maitaldia. Hala aurkeztu zuten atzo antolatzaileek: «Estetiken aniztasunaren artean, hiriko dantzatik Baletetaraino, publiko zahar edo gazte, Ipar eta Hego Euskal Herriko lurralde ugarien artean, programazio eklektikoa aldarrikatzen du Dantzaren Maitaldiak».

Thierry Malandainen azken edizioa

Aurten, edizio berezia izanen dela azaldu digu Arnaud Mahouy idazkari nagusiak: Thierry Malandainen azken edizioa izanen da zuzendari artistiko gisa, 2000. urtetik baitago kargu horretan. Haren lekua Martin Harriaguek hartuko du heldu den ediziotik goiti. Mugarri hori ospatzeko, besta handi bat antolatu nahi izan dute antolatzaileek.

Programazio eklektikoa

36. edizio honetan, hogei konpainiaren eskutik 80 hitzordu eskainiko dituzte hamar egunez —horietatik 41 urririk— eta lau sorkuntza berri aurkeztuko dituzte. Guztia Euskal Herriko eta Biarnoko hemezortzi herritan barna izanen da. Horien artean dira euskal dantzaren munduko sorkuntza berriak ere, hala nola Bilakaren Dirau eta Ibawa kolektiboaren Gaua ikuskizunak. Azken horrek hainbat sari eskuratu zituen iaz Dantzaren Maitaldian, bai antolatzaileen bai publikoaren aldetik.

Lekuak gaurtik goiti erosten ahal dira. Programa osoa festibalaren webgunean atzeman daiteke, baita sarreren erosteko aukera ere. Antolatzaileek azpimarratu dute prezio apaleko sarrerak ere badirela diru-sarrera txikiagoak dituztenentzat.

Interesgarri izanen zaizu