Gaur hasi eta igandera arte luzatuko da Euskal Herria Zuzenean festibala, Arberatze-Zilhekoan. "Sorpresaz beteriko edizioa" iragarri dute antolatzaileek, berrikuntza andana ikusiko direlarik. Beroari aurre egiteko prest direla azpimarratu dute.
Beroa izan da muntaketa, eta ordutegiak aldatu behar izan badituzte ere, ostiral goizerako prest zituzten festibaleko gune guztiak Arberatzen. Herriak ohiko itxura galdua zuen, eta festibala sortu da bi asteko lanaren ondotik. Orain, hiru egunez milaka festibalari hartzeko prest da EHZ, 600 bat laguntzaileren indarrari esker. Gaur, 18:00tan hasiko da programazioa plazan, Siwanaba DJarekin, eta pentzea 20:00tan irekiko du XAKek.
Programazioko apustu haundietan, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Bilaka konpainia, RTZ kolektiboa, DAM talde palestinarra, Merina Gris, Etzakit edo Skabidean aipa genitzake. Igandean, ekitaldi nagusia izanen da 12:15ean, artista andanarekin. Ondotik, 13:45ean Laborantza Ganbararen zikiroa izanen da, urtero bezala.
Beroari aurre egiteko prest
Joan den urteko edizioa beroak markatu zuenez, aurten ere beroteari aurre egiteko prest dira EHZn. Itzal gune gehiago izanen dira, ura eskuragarri izanen da gune guztian, lanbro-ura eragiten duten gailuak ere, eta dutxak 24 orenez irekiak izanen dira.
Zirko karparen itzulera
Arrosako edizioen ikurra zen zirko karpa EHZn izanen da aurten ere, bi karpa gainera. Plaza gainean, hitzaldi eta ikusgarriak hartuko ditu batek, eta pentzean berriz, Zilhekoa eszena hartuko du handiago batek. Berritasunetan ere, EHZk sorturiko Sohatia garagardo artisaua, Arrosako pentzeak hartzen zituen auzoaren izenekoa. Festibaleko ostatu guztietan zerbitzatuko dute.
Euskal Irratiek jarraipen berezia
1996an, Piztu elkarteak eta Irulegiko Irratiak sortu zuten EHZ. Euskal Irratiak ere sortzaileen artean izan ginenez, eta 30 urte hauetan festibalaren bidelagun izaten ere ahalegindu garenez, jarraipen berezia eginen dugu aurten. Gaur, ostiralez, zuzenean izanen gara 12:00tatik 13:00tara, eta 16:00etatik 18:00tara. Bihar, larunbatez, Gau Pasa podcasta zuzenean eta publikoarekin eginen dugu EHZtik, 10:30ean hasi eta 11:45 arte. Eta igandean berriz, EHZren sortzaileak bilduko ditugu zuzeneko berezi batentzat, 11:00etatik 12:10era.