"Euskaraz bizi nahi dugu" mezua tindatu zuten larunbatean, eta 48 oren inguru eman dituzte atxiloaldian ekintzaileek. Gorka Torre kontrol judizialpean askatu du prokuradoreak, epaiketaren zain; bertze hirurak komisaldegira deituak izanen dira.
Atxiloaldi luzea izan dute larunbat goizean Pirinio Atlantikoetako departamenduaren egoitzako paretan euskararen aldeko tindaketa egin zuten lau ekintzaileek. "Euskaraz bizi nahi dugu" mezu koloretsua tindatu zuten Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko lau kidek; berehala bertaratu zen Frantziako polizia, eta lau lagunak atxilotu zituzten. 48 orduz Baionako komisaldegiko zeldetan egon dira.
Hiru kide askatu dituzte lehenik, Baionako prokuradoreak Euskal Irratiei azaldu dienez, Hego Euskal Herrikoak dira eta polizia judizialeko ofizialaren aitzinetik pasa ondotik utzi dituzte aske. Otsailean epaiketa izanen dute Baionan. Laugarren kidea Gorka Torre da, eta azken hilabeteetan antzeko ekintzengatik izan dituen kondenak direla-eta, prokuradorearen aitzinetik pasa da gaur goizean. Horren ondotik askatu dute, kontrol judizialpean. Lau ekintzaileak 2026ko otsailaren 5ean epaituko dituzte.
Departamendua euskararen aurka ari dela salatu zuten larunbatean egin tindaketaren bidez, EEPren aurrekonduan bere ekarpena handitzeari uko egin diolako erakundeak, bertzeak bertze. Horrez gain, EHEk jakinarazi du euskararen alde egiteagatik, ez dutela errepresiorik onartuko, eta euskaldunek jasaten duten zapalkuntzari aurre egiten segituko dutela. Hala, Euskal Herrian Euskarazek abenduaren 6an urtero Durangon egiten duen manifestaldira bertaratzeko deia ere egin zuten ekintzaren bidez.