Dermatosi nodular kutsakorra: 'LIBRe' kolektiboak aukera librea galdegiten du behien txertaketan

Dermatosi nodular kutsakorraren aurka behien txertaketa inposatuaren aurka sortu da "LIBRe" laborari taldea; hautatzeko eskubidea galdegiten dute. Txertoari buruzko informazio eskasa dela diote eta kontsumitzaileek zer jaten duten jakin behar dute.

Dermatosi nodular kutsakorra: 'LIBRe' kolektiboak aukera librea galdegiten du behien txertaketan
50 bat laborari elkartzen dira 'LIBRe' kolektiboan aukera librea galdegiteko behien txertaketan. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/01/13 18:17

LIBRe laborari kolektiboak behien txertaketan aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen du. Berriki sortua, taldeak 50 bat laborari biltzen ditu Gers, Biarno eta Euskal Herritik, behien Dermatosi nodular kutsakorraren aurkako txertaketa libreki hautatu ahal izateko.

Kolektiboko kideek salatzen dute txertaketa inposatua izan dela, eta laborariek beren hautua egin ahal izatea nahi dute. Azpimarratzen dute eritasun hori ez dela gizakiei transmititzen, eta, nahiz eta txertatuak izan, kalteak izan dira: txertatu ondotik behi batzuk hala ere hil direla diote.

LIBRe kolektiboaren arabera, kontsumitzaileek jakin behar dute zer jaten duten. Eritasunari aurre egiteko eta hiltze masiboak saihesteko, behiak txertatzera behartu dituzte biziki fite. Ondorioz, hazleek salatzen dute behi batzuk txertatu eta zuzenki kontsumorako hil dituztela; ez da eperik izan txertaketa eta hilketaren artean.

Beren ustez, nahikoa litzateke 28 eguneko isolamendua egitea, txertoak eta hiltze masiboak saihesteko, jakinez Dermatosi nodularra ez dela gizakientzat kutsakorra eta eritasuna sendatzen dela.

Gaur egun, plantan ezarri diren protokoloen ondorioz, Ipar Euskal Herrian behien %80 eta %90 artean txertatua da. Baina, ondoko urteetan, berriz txertatu beharko dira behiak, ondorioz beren salaketa ez dela berantegi heldu diote.

Momentuko prozedurarik ez bada izan behiak txertatzen ez dituztenen aurka, LIBReko kideek adierazi dute zigorrak erortzen badira antolatuko direla horren aurka jotzeko.

Kontsumitzaileen sustengua ere galdegiten dute, besteak beste saltegietan produktuen jatorria galdetuz edo AMAPetan izena emanez.

Interesgarri izanen zaizu