Behien eritasun berri bat Europako mendebaldean zabaltzen ari da. Dermatosi nodular kutsakorra du izena, eta orain arte ez zen sekulan Frantzian edo Espainian sartu, baina duela guti Frantzia ekialdean eta Katalunian kasu batzuk agertu dira.
Afrikan Zambia erresuman zuten lehen aldikotz dermatosi nodular kutsakorra (DNK) atzeman 1920 eta 1930 hamarkadetan. Ondotik, eritasuna kontinente osora zabaldu zen, eta 2010 hamarkadan Europa Ekialdera sartu zen, Grezian eta Balkanetan. Azken urteetan Italian agertu ziren kasuak, eta ekaina honetan Frantzian ere, Savoie eta Haute Savoie eskualdeetan. Urri bukaeran honetan, behi eri zonbait zenbatu dituzte Frantziaren ekialdean: Pyrénées Orientales, Jura eta Ain departamenduetan. Jakin behar da Katalunian ere kasuak agertu direla. Nahiz eta gizakiendako arriskurik ez den eta behiak diren bakarrik eritzen, autoritateen atentzioa piztu dute kasu berri horiek.
Ulien bidez transmititzen den eritasuna
Bi uli motaren bidez hedatzen da DNK eritasuna: esparia edo ezpara eta stomox izenekoa. Birus bat da DNK: ulitxek errekuperatzen dute eri den behi bat xixtatuz eta beste bati transmititzen berriz xixtatzean. Horrez gain, behiek elkarren artean kutsatzen ahal dute, hurbilegi egonez eta torratuz. Kamioinen bidez jina daiteke ondorioz DNK eritasun hori Europa mendebaldera: eri ziren behi batzuk edo ulitxa batzuk garraiatuz.
Kabalendako gaixtoa den eritasuna
Bixente Zozaya Garaziko marexalak eritasun horren sintomak eta ondorioak zerrendatu ditu gure mikroan. Eritzean, behiek sukarra dute, ez dute jaten, guti mugitzen dira eta beren larruan ikusten ahal dira nodulu batzu, botoi lodi bezalakoak. Ahoan ere zauriak agertzen ahal dira. Marexalaren erranetan, ondorio ekonomikoak ukaiten ahal ditu eritasunak laborariendako: behiek esne guttiago ematen dute eta anitz mehetzen ahal dira ere bai.
Hemen jendeek ezagutu dute piskat MHE, eta konparatzeko, MHE eritasuna baino larriagoa da.
Borrokatzen ahal den eritasuna?
Nahiz eta kasurik ez den oraindik agertu Euskal Herrian, plantan ezartzen den protokoloa ezaguna da, Frantzia ekialdean aplikatzen baita toki batzuetan. Kasu bat agertzen delarik, zerbitzu sanitarioek 50 kilometroko perimetro bat alertan jartzen dute, eri den behiaren inguruan.
Perimetro horretan, hiru neurri mota aplikatzen dituzte. Lehenik, eri den behia eta bere tropa guzia hiltzen dituzte, tokian berean, preseski kabalak mugitu gabe. Bigarrenik, 50 kilometroko perimetro horretan, beste kabalen mugitzea eta garraiatzea debekatzen dute. Eta azkenik, eremuko behi guziak txertatzen dituzte.
Bixente Zozaya marexalaren ustez, neurri horiek aski eraginkorrak daitezke. Horren ondorioz liteke gaur egun Savoie eta Haute-Savoie eremuetatik desagertu eritasuna.
Prebentzio neurriak
Eritasuna ez baldin bada oraindik sartua Euskal Herrian, administrazioak neurri batzu aitzinetik hartuak ditu. Frantzian, konkurtsoak, saloinak edota feriak debekatuak dira, eta behiak ere ezin dira Frantziako lurraldetik atera. Neurri berdintsuak hartu ditu duela guti ere Eusko Jaurlaritzak. Bixente Zozayak uste du hor ere neurri horiek eraginkorrak direla, preseski etxalde desberdinetako kabalak ez baitira nahasten eta birusak mugitzeko xantza gutiago duelako.
Jakin Frantzia mailan, neurriak bederen azaroaren 5a arte indarrean direla. Xehetasunak eta azken berriak atzemanen dituzue gobernuko webgunean: https://agriculture.gouv.fr/dermatose-nodulaire-contagieuse-des-bovins-dnc-point-de-situation.