Eko arduratsua izanen den unitatea Donapaleun plantatuko da barnekaldeko pazienteen bizi kalitatea hobetzeko xedearekin. Unitate berezi honetan, giltzurrun eskatasuna pairatzen duten pazienteak errezibituko ditu ospitaleko nefrologia ekipak.
Obretan beranta hartu ondotik, urte bukaeran, 500 metro karratuko egitura eko-arduratsua proposatuko zaie giltzurrun eskastasuna pairatzen duten pazienteer. Nefrologia zerbitzuak aspalditik galdegiten zuen bezala, azkenik, aurten 1,7 milioi euro inbestituak izan dira hemodialisiak behar dituzten pazienteek haien tratamenduak hurbilago ukan ditzaten.
Izan ere, hemodialisia giltzurrunen betekizuna ordezkatzen duen teknika da, organoak ez direlarik bakarrik funtzionatzeko gai. Pazienteek hiru aldiz astero errezibitu behar dute tratamendu baitezpadako hori, eta saio bakoitzak lau ordu irauten du. Dialisi pisu eta akigarriaz gain, maiz eriei eta haien familiei bidaiaren karga gehitzen zaie.
Hamabi orduko zainketekin batera, barnekaldeko pazienteek bederen ordubeteko bidea kondutan hartu behar dute Baionako edo Paueko ospitalera joaiteko. Zer erranik ez, bide zama lodia usu adinekoak diren pertsona horiendako, eritasun larriekin. Pisutasun horren aitzinean mediku ekipek urgentzia salatzen zuten, barnekaldeko antena bat ahal bezain fite sortzeko gisan.
Azken finean, azaroan ideki beharko luke Donapaleuko dialisi unitate berriak. Nahiz eta hastapen batean hamabi leku izan, denborarekin kopurua emendatu beharko luke, bi hamabiko talde ukan arte. Hala ere, aitzinamendua azpimarratzekoa da, barnekaldeko pazienteen gehiengoak bere bizi kalitatea hobetzen ikusi beharko bailuke antena horri esker.
Hastapenetik, alde ekologikoa oinarritzat hartua izan da proiektuan, eraikina eko-arduratsua izan dadin. Izan ere, energiari dagokionez, baliabide berriztatua den geotermia hautatu dutenez unitatea berotzeko eta hozteko. Lurraren berotasuna, hiru litro ur eta sei zilatzeren bidez, 500 metro karratuak berotuak izanen dira neguan, baita hoztuak ere udan. Instalazio geotermikoari esker, 7000 litro fuel olioren erabilpena saihesten ahalko da.