Diputatuek lege proiektuaren alde edo kontra bozkatu beharko dute ekainaren 23an. Baina prozedura luzea da. Azalduko dizkizuegu zein diren ondoko etapak hemen.
Diputatuak atzotik aztertzen hasi dira Korsikaren autonomia estatusari buruzko konstituzio egokitzapen bat. Erreforma horrek autonomia handiagoa eta, legegintza ahalmen zabalago eta sistema propio bat izateko aukera emango lizkioke uharteari. Diputatuek, beraz, lege proiektuaren alde edo kontra bozkatu beharko dute, eta bozketa ekainaren 23an izanen da.
Asanblada Nazionalak testua onartzen badu, ondotik Senatuan bozkatuko litzateke. Hor agertzen da lehen oztopoa: bi ganberek testu bera onartu behar dute. Bestela, testuak Senatuaren eta Asanblada Nazionalaren arteko joan-jin parlamentarioa eginen du, bi ganberek testu bera onartu arte. Jakina, lege arrunt baten kasuan, batzorde misto parekide bat sor daiteke, baina kasu honetan ez da hala, Konstituzioaren aldaketa bat baitago jokoan.
Bi instituzioek testu bera onartuko balute, hurrengo urratsa senatariak eta diputatuak biltzen dituen Kongresuan gertatuko litzateke, gaiari buruz erabakitzeko. Konstituzioa aldatzeko, testuak Kongresuko kideen hiru bostenen babesa lortu beharko luke. Ondoren, autonomia horren esparrua eta eskumen eremuak zehaztuko dituen lege bat bozkatu beharko litzateke.
Baina hori baino lehen, erreferenduma eginen litzateke uhartean. Hala ere, zehaztu behar da erreferenduma non contraignant edo ez behargarria litzatekeela. Hau da, korsikarrak kontsultatuak izanen dira, baina emaitzak ez du prozesuaren aitzinamendua geldiarazteko ahalmenik izanen. Hortik aitzina, administrazioak prozesua aitzina eramango luke. Hala ere, azpimarratzekoa da prozesuak, abiatu eta amaitu arte, denbora har dezakeela.