Senperetik abiatu dira goizeko 10:00ak aldera, eta Donibane Lohizunen Urruñakoak batu zaizkie. Elkarrekin Baionara eta ondotik A64 autobideko Beskoitzeko blokatzera joanen dira.
Txertatzeek ez dute egoera lasaitu, eta Pirinio Atlantikoetako prefekturak departamenduko behien %15 txertatuak direla azaldu badu, mobilizazioek jarraitzen dute. 40 bat traktore batuak dira momentu honetan Donibane Lohizuneko Jalday merkatalgunean, Senperetik eta Urruñatik bi zutabetan iritsiak.
Behi tropa osoen hiltzeko arriskuak jarraitzen duela azpimarratzen dute, eta txertoekiko mesfidantza ere erakutsi dute batzuek, berme eza azpimarratuz. Hain zuzen ere, gaur arratsean Lapurdiko laborariak Ezpeletan marexalekin biltzekoak dira, txertoen inguruko dudak argitzeko. Anartean, gaur mobilizaturiko laborariek Baionako bidea hartuko dute D-810 bidetik, eta ondotik departamentaletik beti Beskoitzeko A64 blokatzera joateko asmoa dute.