Euskal Herriko bost erakundek DOBLA dantza proiektua abiatu dute, euskal kulturaren transmisioa eta hego zein iparralde arteko lotura indartzeko. Miarritzen aurkeztu zuten, atzo.
Euskal Herriko bost erakundek lehen aldiz indarrak batu dituzte dantza kultura-proiektu bateratu baten inguruan: Eusko Jaurlaritzak, Euskal Hirigune Elkargoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Malandain Ballet Biarritzek.
Sustatzaileen arabera, dantza aukeratzea ez da kasualitatea, euskal nortasunaren adierazle garrantzitsua delako eta bi aldeetako herritarren arteko lotura eta kohesioa indartzen laguntzen duelako. Dobla proiektuak hiru urteko iraupena izanen du, eta mugaz gaindiko sektore koreografikoa indartzea du helburu: konpainien nazioarteko zabalkundea sustatzea, artistei eta aretoei laguntza ematea eta lurraldeko profesionalen arteko lankidetza iraunkorra sendotzea. Antton Kurutxarri Kulturaren Lehendakariordeak azaldu bezala, egitasmoak 1,5 milioi euroko aurrekontua izanen du, eta horren %65 Europar Batasunak finantzatuko du, Interreg-POCTEFA programaren bidez.
Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko Kulturaren lehendakariordea entzun orrialde honetan.