BTSan diren ikasleendako, hamahiru estudio berri proposatzen ditu Errecart ikastetxeak, prezio merkean. Office 64 egiturak obrak eraman ditu, eta ikastetxeak ditu alokatzeak kudeatzen.
Ikasleendako estudio berrituak proposatzen ditu Errecart ikastetxeak. Donapaleun berean den Arthez etxean dira estudio horiek, Office 64ek egin dituen lanari esker alokatzen ditu Errecart ikastetxeak, ondotik bere ikasleei berriz alokatzeko. Duela zonbait egun estreinatu zituzten.
Donapaleuko zentro zentroan da Arthez etxea, Santa Madalenako elizaren parean, Madalena eta Ganbeta karriken juntan. Arthez etxe hori parropiari eman zakon denboran Donapaleuko familia batek, eta zonbait urtez serora batzuk gazteen formatzen egon ziren hor. Baina erran behar da azken hogei urteetan hutsik egon zela.

Etxe honen potentziala ikusiz, eta ikasleekin dituen beharrak kondutan harturik, Errecart ikastetxeok administrazio kontseiluak proiektu berri bat bultzatu zuen: ikasleendako bizitokien proposatzea, prezio merkean. Beharrak badirela bai konfirmatu dauku Errecarteko zuzendaria den André Larraldek: ikasle anitzek Amikuzen gaindi alokatzen dituzte apartamenduak, eta prezioak goiti ari dira.
Office 64 egiturak bere gain hartu ditu obrak, parropiarekin alokatze kontratu anfiteotiko bat izenpetuz. Errecart ikastetxeari alokatzen dazko hamahiru estudioak, eta azken honek berriz alokatzen bere ikasleei. Estudioak 210 eta 300€ artean alokatzen dituzte, kargak barne. 19 eta 25 m² artekoak dira. Administrazio kontseiluko lehendakaria den Jean-Pierre Goityk baieztatu dauku ikastetxeak ez duela hor dirurik irabazten: "ez gira agentzia bat".
Gaur egun hamahiru estudioak okupatuak dira. Ikasleek gure mikroan eskertu dute iniziatiba, horri esker autonomia edo independentzia gehiago ukaiten ahal dutelako. Bestalde, udako sasoilariei bizitoki horien alokatzea ere Errecarteko administrazio kontseiluaren ideietan da. Ikusiko dute ondoko hilabeteetan instalatuak diren ikasleek zer xede duten heldu diren uda eta urterako.
Horretaz gain, Errecarteko eramaileek argi dute geroan ikastetxearen garatzeko, beharrezkoak izanen direla holako proiektuak. Jean-Pierre Goity lehendakariak baieztatu dauku baxotik landa dituzten formakuntza proposamenak biderkatu nahi dituztela. Tolosako (Okzitania) Purpan eskolarekin elkarlanean ari dira, eta geroari begira, ingeniaritza diploma bati buruzko gogoetak eramaten dituzte.
Jakin Arthez etxe horren proiektuak 1 297 478€ gostatu dituela. Diru laguntzen aldetik, 842 860€ erdietsi dituzte.