Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Donapaleuko ospitalean dialisia zerbitzua estreinatu dute

Estreina baldin bazen urriaren 23 honetan, erran behar da baduela urte bat martxan jarria izan dela. 25bat paziente artatu dituzte jadanik, 1 500 dialisia saio baino gehiagotan. Barnekaldeko eriendako zerbitzu bat nahi izan dute sortu.

Donapaleuko ospitalean dialisia zerbitzua estreinatu dute
504 m²-ko eraikina da dialisia zerbitzua. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/10/24 07:30

500 m²-ko bastimendua, egunean hogei dialisia saio egiteko kapazitatea, hiru erizain, dietalari bat eta aldizkatzen diren bost nefrologo. Ostiral honetan ofizialki estreinatzen bazuten Donapaleuko dialisia zerbitzua, erran behar da 2025eko azaroan ideki zutela lehen aldikoz. Orain arte, 25 bat paziente artatu dituzte, erran nahi baitu 1.500 dialisia saio baino gehiago.


Nefrologoa den Séverine Poulain-ek aipatu dauku ideia zela barnekaldeko jendeendako hurbileko zerbitzu baten eskaintzea, orain arte Baionara, Bordelera edo Orthezera joan behar zutelakot. Dialisia saioak lau ordukoak direnez, astean hiru aldiz, akidura metatzen ahal zen pazienteendako.


Lau orduko saio horiek antolatzen dituzte momentuan astelehen, asteazken eta ostiraletan baina Séverine Poulainek baieztatu dauku paziente gehiago balira, beste egunetan ere egiten ahalko luzketela.

Francis Brisé pazientea Aiziritzen bizi da. Hainbat urte Parisen egon ondotik, Euskal Herrira itzuli da. Badu orain lau urte dialisia saioa egiten dituela. Hastapenean Baionan hasi zen, ondotik Angelura joan eta azkenean Donapaleun segitzen du gaur egun.


Nahiz eta Baiona arte joateak ez duen trabatzen, aitortu dauku Donapaleuko zerbitzua estimatzen duela, polo inportantea bilakatu zela. Maule edo Saliese inguruko herritarrendako gauza biziki ona dela uste du.


Langileen ekipa nahi izan du eskertu gure mikroan: "hemengo ekipa bikaina da. Ez dut usu konpilmendurik egiten baina hor behartua naiz, egia baita".

Akidura gutiago barnekaldekoendako, etxetik hurbil goxoki egoteko parada emanez. Donapaleun zerbitzu berri bat egonkortzen ari da, ospitalearen eskaintza zabalduz. Berri ona dela azpimarratu du Donapaleuko auzapeza den Pettan Aizagerrek: "gure arta oferta indartzen duen ekipamendu bat da, zinez barnekaldearentzat gauza biziki inportantea da".

Jakin dialisi unitate medikalizatu horren plantan ezartzeko proiektuak 1.778.500€ gostatu dituela. Ospitaleko arduradunen erranetan, ondoko asteetan ideki beharko lukete beste zerbitzu berri bat: SMUR-a.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu