Garazi eskualdeko eskola publikoek erakasle bat galtzeko lanjerra dute heldu den sartzean, haurrendako ikas baldintza onak aldarrikatu dituzte, eta hautetsien sustengua ukan dute. Oztibarren, arriskuan zen postu erdia atxikiko dute.
Donibane Garazin eta Izpuran, orotara 141 haur dira gaur egun, 9 lanposturekin. Eta euskaraz den horietariko bat du kendu nahi ikuskaritzak ondoko sartzean, ikasle kopuruaren apaltzea azpimarratuz. Baina eskolako burasoendako, haurrek lukete pairatuko postu horren desagertzea. Gaur goizean elgarretaratu dira erabakiaren salatzeko.
Burasoek azpimarratzen dute ikasle kopuruaren apaltzea aitzinikusten duela ikuskaritzak, baina karkuluak gaizki eginak direla. Horien erranetan, administrazioak ez ditu konduan hartzen eskolan diren ULIS ikasleak, ezta hiru urte ukan aitzin sartzen direnak ere. Gisa guztiz, eskolaren sostengatzera hurbildu direnendako, ez du zentzurik karkulu zorrotzetan hartzeak holako kasuetan.
Garaziko hautetsi frango hurbildu dira ostegun goiz honetan postuaren defenditzera. Ondoko egunetan, tokiko hautetsiak bilduko dira diputatuekin ere, eta burasoek erran digute heldu den aste hastapenean iragatekoa dela bilkura inportante bat.
Oztibarreko eskola publikoan euskara irakaslea izanen da
Garaziko eskolek duten egoera berean izan zen Oztibarreko eskola publikoa orain bi aste ere, euskara irakasle postu erdi bat galduko zutela jakin zutenean. 850 herritarrek babesa erakutsi zieten sarean, baita hautetsi andanak ere Bordaleko Akademiaren aitzinean, eta gaur goizean jakinarazi dutenez postua atxikitzea erdietsi dute.