Martxoaren 20an ostegunarekin Departamenduak antolatu du Garaziko desbideraketari buruzko bilkura publikoa Izpurako Faustin Bentaberri gelan. Hirurehun bat herritar hurbildu dira, baina galdera anitzekin sartu dira etxera.
Ostegunean Izpuran Departamenduko eta tokiko hautetsiek Garaziko Desbideraketari buruzko informazio bilkura antolatu zuten. Parada izan da herritarren horien galderen pausatzeko. Eta anitz zituzten: Donibane Garazitik pastuko dea desbideraketa? Izpuratik? Ur bazterrean edo ez? Zonbat kostako du? Eta herri guziek onartuko dutea adosten dena? Hautetsiek ezin izan dute xeheki erantzun denei, argi utzi baitute ez direla oraindik aski aitzinatuak. Herritarren kontsultazioaren esplikatzea zen bilkuraren helburu bakarra.
Historiko ttipi bat oroitarazi ondotik, denen aitzinean proiektatu dute Garaziko karta, aitzin ikusiak diren bost ibilbideen irudikatzeko. Horietariko bi Izpuratik partitzen dira, ura segituz. Beste hiruak Donibane Garazin hasten dira, bik burdinbidea segitzen dute eta azkena geltoki aitzinetik deslotzen da. Ibilbideen bukaerari begira, bik Azkarate dute helmuga, Baionako bide handia juntatuz. Beste bik ber bidea harrapatzen dute Uharte Garaziren ateratzean. Eta azken ibilbidea Baigorriko junta aitzin berriz lotzen da. Baina beste xehetasunik ez dute eman.
Aurkezpenaren parte handiena herritarren kontsultazioaren modalitateer buruz izan da. Apirilaren 7a eta ekainaren 7a artean, bost ibilbideer buruzko xehetasun guziak atzematen ahalko dira Donibane Garazi, Izpura, Uharte Garazi, Azkarate edota Donazaharreko herriko etxeetan. Hor, herritarrek horien iritziak uzten ahalko dituzte kaier batzuetan. Bestalde, departamenduak mail bat zabaldu du galdera eta ohar guziendako: concertation.garazi@le64.fr.
Buruilean eginen dute kontsultazio horren bilduma, eta departamenduko hautetsia den Annick Troundayk baieztatu dauku heldu diren bilkuretan oharrak kontutan hartuko dituztela. Ze maneratan xuxen ez dute oraindik trenkatu, baina urte luze batzuen lana badela oraindik erran dauku Troundayk, azpimarratuz biziki baliagarri izanen zirela ohar horiek.
Herri batek arrunt blokatzen badu, helegiteak egiten ahal ditu juridikoki eta oraino blokatua izanen da 50 urtez.
Halere, galdera garrantzitsu bat beti zalantzan da, eta argiki pausatu dute herritarrek ostegunean: herri batek blokatzen ahal ote du prozesu guzia? Departamenduko hautetsiarendako, ahal den guzia egin behar da denen adosmena erdiesteko.