Hiltegia eramaten duen SIVU sindikatuak erabaki du Donibane Garaziko egoitzaren uztea. Zaharregia denez eta berritzea karioegi litaikelako, beste aterabide bat atzeman dute: hiltegi berri bat eraikitzea, 2030erako.
44 herrik osatzen dute Garaziko hiltegia kudeatzen duten SIVU sindikata, eta herri guziak adostu dira erabakiaren hartzeko: Donibane Garaziko egoitza ez dute berrituko, eta horren ordez hiltegi berri berri bat eraikiko dute. Erran behar da gaur egungoa 1967an eraikia izan zela, eta nahiz eta obrak izan diren ordutik, zaharkitua gelditzen dela.
Bruno Jauriberry Duzunaritze-Sarasketako auzapeza da, eta hiltegia eramaten duen SIVU sindikataren lehendakaria. Haren erranetan, estatuko zerbitzuek ere hiltegia zaharra dela diote. Eraikin berri bat muntatu nahi dute beraz, baina ez dute oraindik lurra erosi. Haatik, Donazaharreko lur bati buruz abiatuak dira jadanik.
Lehen etapa erostea litaike, ondotik obren planifikatzeko eta lanean hasteko. Idealean, nahiko lukete hiltegi berria 2030ean prest izan dadin. 12 eta 15 milioi euro arteko proiektua izanen dela aurreikusten du SIVU sindikatuak.
Gaur egun, 22 langile ditu Garaziko hiltegiak, 30 bat enpresek baliatzen dute eta milako bat laborarik ere bai.