Continental hotela zen eraikina okupatu du GaGak, gaztetxea bertan plantatuz. Auzolanean ari dira egokitzen, kanporatze arriskua hor delarik. Laurent Inchauspe auzapezak Elkargoaren jabetzako hainbat lokal proposatu izan dizkiela dio.
“Hamar urtez hutsik egon den espazio hau proiektu berri bat abiarazteko baliatuko dugu”: gaztetxe okupatu bat aurkeztu zuen astelehen goizean GaGa Garaziko Gaztetxeak, Renaud etorbidean. Continental hotela izan zen eraikina. Bertan kokatu dute Garaziko Gaztetxe berria, gaur goizean iragarri dutenez.
Asteburu honetan kanpaina egin dute Donibane Garaziko karriketan eta sare sozialetan, gaztetxe baten beharra adierazteko. Bertzeak bertze, "herritarren artean harremanak sustatzea", "kultura alternatiboa antolatzea" eta "doako aisialdia eskaintzea" eta euskara babesteko beharra aipatu zituzten.
Laurent Inchauspe Donibane Garaziko auzapezak okupazioa gaitzetsi du, eta lokal berriarentzat proposamenak aurkitzen ari direla azaldu du, Elkargoaren eraikinen artean.