Donibane Lohizune (Lapurdi)

Donibane Lohizuneko araztegi berriak eztabaida piztu du tratamendu mailaren inguruan

Araztegi berri baten lehen harria pausatu dute atzo Donibane Lohizunen. Baina proiektuak jadanik eztabailda piztu du oposizioan.

Donibane Lohizuneko araztegi berriak eztabaida piztu du tratamendu mailaren inguruan
Araztegia 2028an martxan jartzea aurreikusten da. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/06/10 07:00

1984an abian ezarri zen egungo araztegia, gaur egun itsasbazterraren gibelatzeak mehatxatzen duena. Saturazio puntura iritsia da, gainera, eta ez die Europa mailako arauei erantzuten. Egungotik kilometro eta erdira eraikiko duten araztegi berriak ordezkatuko du.

Elkargoaren arabera, instalazio berriak «ur zikinak indarrean diren arauek finkatua baino gehiago tratatzeko aukera emango du». Hori da, hain zuzen ere, eztabaidaren muina: nitrogenoaren eta fosforoaren tratamendua. Elkargoak azpimarratu du nitrogeno maila litroko 8,5 miligramora apalduko dela, gaur egungo araudiak baimentzen duen 15 mg/l-ko mugatik behera.

Oro har, proiektua albiste ona bada ere, Donibanen Bizi oposizioko kide Hugo-Luc Maillosek uste du araztegi berriak aurreikusten duen tratamendua laster zaharkituta gera litekeela. Haren iritziz, indarrean diren arauak gainditzea ez da aski, eta etorkizuneko ingurumen-erronkei aurrea hartu behar zaie.

Hortik haratago, Elkargoaren arabera, araztegiak aitzindari izan nahi du. Energia kontsumoa %15 murriztuko du, mikrokutsatzaileen %80 eta mikroplastikoaren %90 iragaziko ditu, eta euri jasa handietan tratatu gabe isurtzen diren urak hamar aldiz gutxiago izango dira, 2.200 m³-ko ur-biltegiari eta sarearen egokitzeari esker. 32 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen azpiegitura berria 2028an martxan jartzea aurreikusten da.

Interesgarri izanen zaizu