Donibane Lohizuneko larrialdi zerbitzua ez da itxiko, baina akordioa oraindik ez da itxi. Baionako ospitalea laguntzaile izango litzateke, nahiz eta egoera ekonomiko larrian dagoen. Sindikatuek kezka agertu dute zerbitzuaren etorkizunaz.
Badirudi Donibane Lohizuneko larrialdi zerbitzua ez dela itxiko, eta akordio bat lortzeko bidean direla Poliklinikako zuzendaritza, Euskal Kostako Ospitalea eta Eskualdeko Osasun Agentzia.
Zerbitzua indartuko litzateke, eta Baionako ospitaleak parte hartuko luke eguneroko funtzionamenduan.
Hala ere, finantza-baliabideak ez daude oraindik bermatuta: Baionako ospitaleak 21 milioi euroko defizita izan zuen 2024an. Uztailaren erdialdean, ospitaleko zuzendaritzak 4.000 langileri gutun elektroniko bat bidali zien, iragarriz aurrekontu-neurri zorrotzak aplikatuko direla irailetik aurrera.
Baionako ospitaleko Giza Baliabideetako zuzendariak, Marie-Claude Cazabanek, azaldu digunez, neurri horiek Eskualdeko Osasun Agentziak (ARS) proposatu ditu, eta beste ospitale batzuei ere neurri berak hartzeko eskatu zaie. Sindikatuen arabera, neurri horiek ondorio larriak izan ditzakete interbentzio-epeetan: langile gutxiagorekin, lan-karga handiagoa izango da, eta itxaron-zerrendak luza daitezke.
Marie-Claude Cazabanek dio hori ez dela haien asmoa, eta dena eginen dutela epeak labur mantentzeko. Gaur, Osasun ministroa, Yannick Neuder, Ipar Euskal Herrian izango da, eta sindikatuek bisita hori baliatu nahi dute beren kezkak helarazteko.