Aurten Durangon aurkezten diren 1026 kultur ekoizpen berrien artean, 163 disko dira. Digitalaren eta plataformen garaian, CDz eta biniloz beteak dira Landako guneko postuak.
Sare erraldoi bat da Durangoko Azoka sortzaaileentzat. Sare bat, haiek sortua, Euskal Herri osoko ehunka idazle, musikari edo antzezle batzen baitira hemen urtero. Berriak ere badira, Durango lehen aldiz deskubritzen dutenak. Saretze hori azokak ateak ireki aitzin hasten dela azaldu digu Karma talde lapurtarreko Miguel Etxeberrik. Hain zuzen ere, postuak muntatzean ondoko mahaietako kideekin egiten dute lehenik harremana, eta azokak irauten duen lau egunetan zabaltzen da sarea. Urtean zehar kontzertuetako datak lortzeko erraztasunak sumatu dituzte Karma taldekoek, duela bi urte aurrenekoz Durangora etorri ondotik.
Literatura munduan azokako postu gehienak argitaletxeenak badira, musika munduan taldeak eta musikariak, bakarka dira nagusi. Maita Kultura elkarteak Lapurdiko hainbat musikari laguntzen ditu banaketa eta management lanetan. Maia Ruiz de Alda kideak Durangoko Azokan musikarien erronka nagusietako bat Ahotsenea musika plazan kontzertua lortzea dela azaldu du. Izan ere, jadanik ezagunak diren musikarientzat berebiziko aldaketarik ez badu ekartzen, hasi berrientzat proiekzio handia dakar Plateruenako oholtzan aritzeak.
Herri osoko musikariak, mahai berean
Elkarlanaren indarraz jakitun, Gipuzkoako Oñatiko musikariek Durangora elkarrekin etortzea erabaki dute aurten, lehen aldiz. Esperientzia ederra izaten ari da Malko taldeko Maddi Arlanzonentzat, eta Oñatin duten harrobi musikalaren isla da. Espero du heldu diren urteetan ere esperientzia errepikatuko dela.
Lau eguneko azokaren fruituak urte osokoak izaten dira Durangora heldu direnentzat. Momentuz baina, txandaz txanda, astelehen arratserarte haien lanak aurkezten ariko dira Landakon.