2022an bi etxe erosi zituen Azkarateko herriko etxeak, enkante batzuk ezeztatu ondotik. Horietariko batean, Harizpea etxean, Edabeen etxea sortuko dute. Euskal Herri guziko edari ekoizleendako lan toki bat izan dadin nahiko lukete.
Azkarateko Harizpea etxean sortuko dute Edabeen etxea, Euskal Herri guziko edari ekoizleendako lan toki bat. Erran behar da etxe horrek, Azkarateko etxe zaharrenetariko bat izateaz gain, iragan berezia duela.
Kalapitak, enkanteak, eta mobilizazioak
Luzaz hetsirik egon ondotik, 2022garren urtean Harizpea etxearen ateak berriz ireki ziren, bisita batzuendako. Herritarrak, kanpotiarrak, kuriosak edota erosle seriosak, anitzek entzuna zuten enkanteetan saldua izanen zela Harizpea, Etxeberria etxearekin eta 30 bat hektarea laborantxako lurrekin batean. Ordu arte jabe zen familian kalapitak izanki, salmenta mota hori hautatu zuen justiziak.
2022ko Maiatzaren hamabian gertatu ziren enkanteak, Baionako auzitegian baina mobilizazio azkarra izan zen, eta "Euskal Herria ez da salgai" luzaz oihukatu ondotik enkanteen gelan, 100 bat pertsonek erdietsi zuten prozesua geldiarazten.
Horren ondotik, herriko etxeak negoziaketak berriz abiatu zituen familiarekin. Azkenean, Harizpea 300.000 euro ingurutan erosi zuten, Etxeberria 100.000 euro ingurutan, eta laborantxako lurrak hor arte baliatzen zituzten laborariek erosi zituzten.
.jpeg)
Harizpea etxea zaharra luzaz hetsirik egon zen Azkarateko zentroan. IRULEGIKO IRRATIA
Zer egin Harizpean?
Negoziaketa horren ondotik, herriko etxeak nahi izan zuen gogoeta sakon bat eraman jakiteko zer egin etxeetaz. Horretarako, TEQUIO izeneko estudio kabinetea kontratatu zuen. Azkarateri buruzko plan orokor bat diseinatu zuten, aitzin ikusteko herria zer bilakatuko zen eta zer nahiko luketen bilaka dadin ondoko hamar edo hamabost urteetan.
Harizpeari dagokionez, kondutan hartuz bere istorioa, herriko etxeak argi zuen beharko lukeela toki ideki eta publiko bat izan. Horrez gain, laborantxari lotua egon zedin nahi zuten hautetsiek. Hastapen batean arnoaren inguruko toki bat aipatzen hasiak ziren, baina gogoeta sakondu ondotik, edari mota guziei buruzko proiektua hautatu dute.
Mugaz gaindiko proiektua
Azkarateko Herriko etxeak Euskal Herri guziari idekia den edabeen etxea nahi zuen sortu Harizpean. Horretarako, probintzia desberdinetako partaideengana joan ziren, eta gaur egun mugaz bi aldeetako partaideak biltzen ditu proiektuak: Azkarateko herriko etxea, Baionako TEQUIO kooperatiba, Orzaizeko Hartzi ekoizlea, Deikazteluko Biosasun oliba edari ekoizlea, Lekarozeko Eztibeltza kooperatiba sagardotegiarekin eta sagartzearekin, eta Markina-Xemeineko Leartiker laborategia.
Partaide guzi horiekin, Europako POCTEFA proiektu bat muntatu dute, eta diru laguntza bat erdietsi. Orain, langile bat hartuko dute etxearen berritzeko finantzamenduen xerka joateko, funtzionamenduaren lantzeko eta estruktura juridikoaren lantzeko.
Edari munduko langileendako tresna egokia
Baina zer izanen da xuxen edabeen etxe horretan? "Lan tresna" bat bezala aurkezten du Miren Laxague hautetsiak. Dean egitekoa baldin bada oraindik Harizpea etxean, lehen planoak marraztu dituzte jadanik eta hainbat tresna zerrendatu.
Bulegoak, produktuen presentatzeko eta komertzializatzeko toki bat, jastatzeko gune bat, sukalde bat, formakuntzak egiteko gelak, edariendako entsegu batzuen egiteko parada, laborategi bat edota ganbara batzuk. Tresna frango izanen ditaizke Harizpeako edabeen etxean. Lehen estimazioen arabera, 2 milioi euro inguruko proiektua litaike.
.jpeg)
.jpeg)
Berritze lanak handiak izanen dira Harizpea etxea publikoari idekitzeko prest izan arte. IRULEGIKO IRRATIA