EEPren aurrekontua emendatzea adostu dute, behar baina gutiago izanik ere

Euskal Hirigune Elkargoak udan egindako hordagoari ez dio atxiki: bazkide guztiek 100.000 euroz baizik ez dute handituko EEPri egiten dioten ekarpena. Elkargoak 200.000 euro gehigarri emanen dizkio hala ere EEPri, helduen euskalduntzea garatzeko.

EEPren aurrekontua emendatzea adostu dute, behar baina gutiago izanik ere
2023tik aurrekontua emendatzeko zain zen EEP eta euskalgintza. BAIONAKO HERRIKO ETXEA
Erredakzioa
2025/12/11 18:59

Euskararen Erakunde Publikoak arratsalde honetan egin du Biltzar Nagusia. Azkenean, lau partaideetako bakoitzak, Euskal Hirigune Elkargoak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Akitania Berria Eskualdeak, eta Frantses Estatuak 100.000 euro gehiago emanen dizkiote Erakundeari.

Hirigune Elkargoa haserre agertu da, zama hori ez baita aski bere ustez: bakoitzak 650.000 euro eman behar lituzke EEPk 2023an identifikatu beharrak betetzeko. Dudak jakinarazi zituen udan, baina azken finean, Euskararen Erakunde Publikoan egonen da Hirigune Elkargoa, haien arabera tresna egokiena baita euskararen sostengatzeko.

Haatik, EEPren egoera prekarioa ikusirik, eta 650.000 eurotik 100.000 gehiago bakarrik emanen dituela kontuan harturik, euskalgintza bertze modu batean diruztatzeko bideak aztertuko ditu Elkargoak, xehetasun gehiago eman gabe Biltzar Nagusiaren ondotik adierazi dutenez.

Elkargoak bere kabuz euskararen aldeko politikak garatzen

Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politiketako 10. lehendakariorde Antton Curutcharry bilkuratik haserre atera da, uste baitu aurrekontua ez dela batere nahikoa euskararen beharrei erantzuteko. Haren esanetan, Elkargoak, EEPn jarraituko badu ere, ezin du «hain apal» den ekarpen batekin konformatu.
Horrez gain, Curutcharryk iragarri du Euskal Hirigune Elkargoak 200.000 euro gehiago emanen dizkiola EEPri, helduen euskalduntzerako. Eta 650.000 euroko premietara iritsi arte falta den zatia, Elkargoak bere kabuz erabiliko du euskararen aldeko politikak garatzeko.

Gutxiagorekin gehiago egin


EEPko zuzendari Ttitto Betbederrek adierazi du datozen urteetako erronka nagusia izango dela, aurrekontu apal honekin ere, biztanleriaren %30 euskalduntzera bideratutako tresna egokiak eta politika eraginkorrak diseinatzea.
Betbederen ustez, aurrekontuaren hazkunde mugatuak zaildu egiten du plangintza estrategikoa, baina EEPk lanean segituko du epe luzerako helburuak betetzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu