"Egia, besterik gabe": Perturren desagerpena argitzeko galdegin dute, mende erdi bete denean

Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" omentzeko ekitaldia egin zuten larunbat eguerdian Irun eta Hendaia arteko Avenida zubian. 50 urte bete ziren joan den astean ETA pm-ko kidea desagarrerazi zutenetik.

"Egia, besterik gabe": Perturren desagerpena argitzeko galdegin dute, mende erdi bete denean
Iñaki Mujika, Jabier Garaialde eta Martin Auzmendi Perturren lagun eta kideak, orain mende erdi desagerturako lagunari lore eskaintza egiten. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/07/26 12:54

Petti kantari beratarraren doinuekin hasi zen, larunbat eguerdian, memoriaren bideetan barrena 50 urte gibelera egin eta Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur"en desagerpenaren inguruan argipenak eskatzeko ekitaldia.

Azken asteotan, urtemugaren inguruan, isilduak ziren oroitzapenak azaleratzearekin batera, hautsak harrotu ere egin dira han hemenka. Ez baita nehoiz argitu, 1976ko uztailaren 23an nork desagerrarazi zuen ETA politiko-militarreko kidea zena.
Batzuek, haren burkide batzuek garbitu zutela diote, Perturrek estrategia aldaketa bat aldarrikatzen baitzuen, borroka armatua bigarren plano batean utziz, herri borrokei lehentasuna emateko. Bertze batzuek aldiz, Espainiar estatuko inteligentzia zerbitzuek hil zutela argi dute; Pertur baitzen ETA pmko buruzagi nabarmenetakoa, eta halako operazio bat ezin baitu edonork egin. Ildo hori babestu du, berriki, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak egindako ikerketak.

Larunbateko ekitaldian, baina, ez zuten espekulazioak hauspotzeko asmorik izan. Xabier Euzkitze zen aurkezle eta euskarazko hizlari, eta hastapenetik, kontsigna zein zen argi utzi zuen: "Norberak jakingo du non kokatzen duen bere burua. Gu ez gara gaur horretaz aritzeko etorri, egia aldarrikatzeko baizik".

Frankismoaren ondorengo garai berrian, aitzindari

Egia eskatzea bai, baina Perturren figurari ere egin zioten gorazarre larunbatean. 1976 hartan, urte luzez frankismoaren aurkako borroka politiko eta armatuan aritu ondoan, ETA politiko-militarrean barne hausnarketen eragile izan zen, ez baina, azken mende erdian usu errepikatu den bezala, borroka armatua arrunt baztertzearen aldekoa.

Aurkeztu zuten "Pertur, egia nahi" manifestuan, "egoki eta bidezko" deritzote Moreno Bergaretxek "Euskadiren askatasunaren aldeko borrokan bete zuen papera" oroitaraztea. Hala, frankismoan zehar "borroka hartan murgildua" bazen, "lehenengoetakoa" izan zen borroka armatuaren bilakaera beharraz jabetzen, azaldu dutenez. Gauzak hala, Pertur eta bere hurbilekoek "ekintza armatua bere osoan auzitan jartzen ez bazuten ere, haren forma batzuk bai, gaitzesten zituzten, uste zutelako militaristak zirela eta atarian zen demokrazia aro berrirako desegokiak zirela".

Euzkitzerekin batera, Bertha Gaztelumendi eta Beatrice Mollek ere irakurri zuten manifestua, gazteleraz eta frantsesez. Eta hastapenean Pettiren kantu bat entzun bazen, bertsotan ere omendu zuten Pertur, kantuan aspaldi entzun gabea zen Jon Sarasuak eta Andoni Egañak, zorrotz: "Pertur ahotsik bazenu orain/ Zer esango zeniguke?/ Nik arrazoirik enun izan nahi/ Nik bizi egin nahi nuke".

Bostehun bat lagun eta hainbat ordezkari politiko bildu zituen ekitaldiak Avenida zubian. EUSKAL IRRATIAK

Egia duenak, zabaldu dezala

Nazio Batuen Erakundeak, Eusko Jaurlaritzak zein Espainiar Gobernuak bortxazko desagerpenen inguruko legediak dituztela oroitarazi zuten ekitaldian, eta horiek Perturren kasua ahanzturara erortzea galarazi dutela azpimarratu. Haatik, bost hamarkada pasaturik ere, hipotesiak nagusi dira, eta haiekin batera, ziurgabetasuna. Larunbatean hala, "Pertur, egia nahi" lelopean, horixe eskatu zuten: egia dakienak, sufrikarioari amaiera eman diezaiola, egia kontatuz. Azken asteetan, antzeko deialdiak egin dituzte ere Kriminologiaren Euskal Insititutuak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak.

Interesgarri izanen zaizu