Giza eskubideen urraketa larriak pairatu dituzten biktimek egia, aitortza eta erreparazioa merezi dute. Ezin dira bi kategoriatako biktimak izan.
Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen bidean, Frantziako eta Espainiako Estatuen bortizkeriek hildako pertsonen senideek, zaurituek eta torturak jasandakoek osatzen dute EGIARI ZOR. Salatu dute, Frantziar estatuak ez duela oraingoz inongo pausurik eman biktimen eta indarkeriaren aitortzan, eta biktimek egia, aitortza eta erreparaziorik gabe segitzen dutela, bi motako biktimak direla.
Azken hilabeteetan, hainbat hitzordu izan dira biktimen oroimenez: adibidez, 2025eko irailaren 25ean, MONBAR hoteleko GALen atentatuaren 40 urteurrenaren kari, jende anitz bildu zen antolaturiko ekimenean. Ondotik, Pariseko legebiltzarrean Sylvie GARATek eginiko GALi buruzko dokumentala aurkeztu zen, eta bertan, hainbat proposamen edo lan ardatz agertu ziren, hala nola inkesta parlamentario bat irekitzea edota Egia batzorde bat martxan ezartzea.
Bestalde, BAKE BIDEAren ibilbidearen bukaeran, hainbat engaiamendu hartu zituzten bertan parte hartu zutenek. Besteak beste Memoria, Egia eta Biktimen ezagutzan sakontzea.
Bide hori segituz sortu da beraz EGIARI ZOR. 180 biktima zerrendatu dituzte momentuz eta deia luzatzen dute zerrenda hori osatzen laguntzeko.
Hego Euskal Herrian, EGIARI ZOR Fundazioa 2012an sortu zen. Bere xedea Estatuen orotariko biolentziak jasan dituzten biktimen eskubideen alde lan egitea da eta jadanik 583 biktima aitortuak izan dira.