Mintzalasai berriz heldu da 15. edizioa ospatzeko Miarritzen eta Baionan. Helburu argi batekin: euskara eguneroko bizitzan, denekin, erabiltzea eta partekatzea. Familian zein lagunartean parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.
Mintzalasaik hamabost urte ospatuko ditu Miarritzen eta Baionan, Irailak 21etik 27ra. Bi herrietako herriko etxeek eta tokiko 30 bat elkarteek indarrak batuko dituzte euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza eguneroko bizitzako esparru guztietara zabaltzeko xedearekin. Pantxo Etchegaray, Baionako Herriko Etxeko Axuanta da hizkuntza politikan. Hark azaldu digunez, "Mintzalasaien bidez, euskara biztanleengana heldu da". Hori baita helburua: euskara eguneroko bizitzan, denekin, erabiltzea eta partekatzea. Familian zein lagunartean parte hartzeko deia egin dute beraz antolatzaileek.
Bestalde, aurten hausnarketa berezi bat eraman dute: egitarau irekian eman nahi izan dute fokoa, Oihana Zamponi Galék azaldu digunez. Astebetez, eskola arteko topaketak, tailerrak, bisita gidatuak, proiekzioak, aurkikuntza jarduerak eta bestak antolatuko dituzte. Aurten ere azpimarratzekoa da Angelun eginen den kabalkada egitarauaren parte izanen dela. Programa osoa ikusgai duzue hemen, egunez egun.