Donamartiri (Baxe Nafarroa)

Egoitza berrian egin du sartzea Arberoako ikastolak

2024ko urri hondarrean sute bat izan zen Arberoako ikastolan. Prefabrikatu bat erre zen eta bi urtez ahal zuten maneran segitu dute lanean. Aste huntan egoitza berri batean egin dute sartzea. Horrez gain, haurtzaindegi bat ere ideki nahiko lukete.

Egoitza berrian egin du sartzea Arberoako ikastolak
Egoitza berriaz gain, bastimendu horren berrantolatzen hasiak dira, haurtzaindegia bilaka dadin. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/09/04 07:45

Umore onean ziren aste honetan Arberoako Ikastolako haurrak. Egoitza berri berrian sartzea eginik, baldintza onetan hasi ahal izan dute ikasturtea. Erran behar da azken bi urteak konplikatuak izan direla, 2024ko urri hondarrean ikastolaren erdian zen prefabrikatua erre baitzen.


Hala ere, haurrak errezibitzen segitu dute, eta bi urtez ahal zuten maneran ari izan dira lanean. Maialen Etxart erakasle eta zuzendariak erran dauku bi urtez "pixka bat tinkatu" zirela. Jangela baliatu dute ama ikastolarendako eta beste prefabrikatu batzuk gehitu dituzte.

Arberoako ikastolaren bastimendu berria. IRULEGIKO IRRATIA


Duela gutti, uda bukaeran, egoitza berriaren lanak bururatu dituzte eta gelen antolatzen hasi dira: ama ikastolako gela, logela, ikasgela bat eta erakasleen bulegoa. "Sutearen ondoko oparia" bezala ikusten du egoitza hori Maialen Etxartek: azkenean egoitza gogor bat, iraunkorra eta goxoa dute.

Egoitza goxoan beraz hasi direla ikasle eta langileak, eta erran behar da partez herritarrei eta beste ikastolei esker izan dela. Diru eta materiala bilketa antolatu zuten sutearen ondotik, eta sustengua agertu zela erran dauku Maialen Etxartek.

Ikasgela berri bat. IRULEGIKO IRRATIA


Geroari begira, haurtzaindegia


Sutearen ondotik, elgarrekin bilduz burasoak eta langileak paradaz baliatu ziren gogoeta sakonago baten eramateko ikastolaren geroari begira. Hor zen agertu haurtzaindegiaren proiektua. Ikastolaren garapenarendako edo geroari begira, interesgarria atxeman zuten haurtzain etxe baten sortzea ikastolaren barnean.


Erran behar da ama ikastolan sartzen diren haur kopurua ttipituz abian dela Arberoako ikastolan, eskola guzietan bezala. Maialen Etxarten arabera arrazoi desberdinak baditaizke: demografiaren apaltzea edota azken urteetan eskuin ezker idekitzen diren murgiltze sailak beste ama eskoletan.


Haurtzaindegiaren antolatzeko, hor zen bastimendu baten berrantolatzea erabaki dute: ikastolak toki pixka bat galduko du eta bastimendu hori handituko dute. Zortzi haurren errezibitzeko gaitasuna ukanen duen haurtzain etxea sortuko dute. Obrak hasiak dira, eta epeak ez badira oraindik arras segurrak, Maialen Etxarten erranetan, urtarriletik goiti nahiko lituzkete lehen haurrak errezibitu.

Egoitza horretan izanen da haurtzaindegi berria. Aitzineko partea handitzen hasiak dira. IRULEGIKO IRRATIA

Interesgarri izanen zaizu