EH Bai alderdiak sostengua adierazi die kanak independentistei

Frantziako Legebiltzarrak Kanakyko hauteskundeak berriro gibelatzeko lege-proposamena aztertu du. Baionan, EH Bai alderdiak Kanakyko FLNKS alderdi independentistako lehendakariari, Christian Teini, bere sustengua adierazi dio.

EH Bai alderdiak sostengua adierazi die kanak independentistei
EH Bai alderdi politikoak Christian Tein FLNKS alderdi independentistako lehendakaria errezibitu du bere Baionako egoitzan. EH BAI
Lorea Mailharrancin
2025/10/23 12:02

Urriaren 22an, Frantziako Legebiltzarrak Kanakyko probintzietako hauteskundeak hirugarren aldiz atzeratzeko lege-proposamena aztertu du. Testua diputatuen eta senatarien arteko batzorde misto batean eztabaidatuko da azken bozketa aitzin.

Asteazken arratsalde honetan, Baionan, EH Bai alderdiak Christian Tein, Kanakyko FLNKS alderdi independentistako lehendakaria, errezibitu du. Alderdiko ordezkariek azpimarratu dute estaturik gabeko nazioak lagundu behar direla, Frantziako gobernuak sortzen dituen oztopoak gainditu eta autodeterminazio eskubidea bermatzeko. Peio Dufau EH Bai-ko diputatuak legearen aurka bozkatu du, Kanakyak aurrera egin dezan.

Christian Teinek gogorarazi du 1998ko Numeako akordioetan ezarri zen bozkatzaile kopurua mantendu behar dela eta hauteskundeak egin behar direla, ez gibelatu. Halaber, Tein urte batez preso egon zen Frantzian. Duela aste bat askatu dute eta itxoiten du autoritateek bere pasaportea itzultzea, Kanakyra itzultzeko eta herritarrekin aitzina egiteko.

Interesgarri izanen zaizu