EHBaik bere kongresuaren eztabaida prozesua urrian abiatuko du berriz, 2027ko urtarrilaren 30ean Baionan bururatzeko, herritar guziei zabalik. Helburu nagusiak ezker abertzalea indartzea eta estatus berezia sustatzea izanen dira.
Eztabaida prozesua heldu den urrian abiatuko dute berriz ere. 2027ko urtarrilaren 30ean bururatuko da Baionako Elkarteen Etxean. Lehena 2022an iragan zelarik.
Txomin Casteigts EHBaiko boz eramailearen erranetan, azken lau urteetan testuinguru politikoa biziki aldatu da, bai nazioartean, bai Frantziako Estatuan, eta Euskal Herrian ere. Horregatik, ezkerreko mugimendu abertzalea indartu eta herritarren mobilizazioa handitu nahi ditu EHBaik. Alderdiaren erranetan, azken urteetan bi mugarri historiko lortu ditu: Peio Dufau lehen diputatu abertzalea Parisen izatea, eta Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari hautatua izatea.
«Gero eta gehiago, Construisons demain» lelopean antolatuko duten kongresua ez da alderdiaren kideentzat bakarrik izanen. Herritar guziei zabaldu nahi diete eztabaida, eta udazkenean biltzar irekiak antolatuko dituzte Ipar Euskal Herriko eskualde guzietan. Kongresuan parte hartu nahi dutenek ere egun horretan berean kidetzeko parada ukanen dute.
Ardatz nagusietan, lurraldearen garapena, eta autonomia estatusa lortzea izanen dira. Kongresu honetan, gainera, emazteen eta gazteen parte-hartzeari garrantzi berezia eman nahi diotela iragarri dute.