EHBaik deituta, bi elgarretaratze egin dira Venezuelaren alde, “Eraso inperialistarik ez! Venezuelak burujabetza” lelopean.
Gaur, Venezuelaren aldeko bi elgarretaratze egin dira Ipar Euskal Herrian, EHBairen deialdiz. Lehen hitzordua arratsaldeko seietan izan zen Baionako suprefeturaren aurrean, eta bigarrena ordubete geroago Ziburuko biribilgunean. Guztira, ehun bat lagun bildu dira bi ekitaldietan, hotzari aurre eginez.
Bertaratuek ozen aldarrikatu zuten “Eraso inperialistarik ez! Venezuelak burujabetza” leloa, Venezuelaren burujabetzaren eta autodeterminazioaren alde. EHBaik salatu du herrialde horren aurka bideratzen ari diren presio politiko eta diplomatikoak onartezinak direla.
Txomin Poveda EHBaiko kideak adierazi duenez, garrantzitsua zen karrikara ateratzea “Venezuelaren aurkako erasoak salatzeko”. Ildo beretik, EHBaik gogor kritikatu du Europako agintarien jarrera, bereziki Emmanuel Macron Frantziako presidentearena, “lotsagarria” dela adieraziz. EHBaiko ordezkariek jakinarazi dute adi egongo direla datozen egun eta hilabeteetan, eta egoerak hala eskatzen badu, mobilizazio berriak antolatzeko prest daudela.