Euskal Herria Zuzenean festibalak urteko biltzar nagusia zuen joan den larunbatean, Hazparnen. 2026ko edizioaren bilana egin dute eta bizi izan dituzten zailtasun guziak izanagatik, bilan baikorra egin dute eta aitzina jotzeko gogo biziarekin dira.
Edizio berezia zuen EHZk 2026koa, 30garren urteburua zuelakotz. Eta antolatzaileek araberan markatu nahi zuten inbertsio handiagoa eginez programazioan eta azpiegituretan. Lehen egun bero handiarekin abiatu zuten jaialdia, eta gero, gauaz segurtasun zibilarekin istorio bat gertatu eta harek lekuen hustea deliberatu zuen. Prefetak festibala geldiaraztea mehatxaturik ere, EHZkoek jakin zuten erantzuten eta antolatzen. Azkenik, igande arratsaldeko euri erauntsiak ezeztarazi zien azken gaualdia. Ekonomia aldetik aurtengo inbertsioen ondorioz ziloarekin bukatu badute ere, aitzina jotzeko sendo sendi dute beren burua.
2027an, berriz ere Arberatze-Zilhekoan eginen dute jaialdia, baina zabaldu dute 2028rako beste herri batera joateko mentura.
Prefetaren larderiaz haratago
EHZkoek badakite Prefeta zorrozki jokatuko dela 2027ko edizioarentzat, baina prest dira laguntzaile sarearekin antolatzeko. Laguntzaileen artean diren erizain eta mediku profesionalak oinarri, segurtasun txostena bere indarrak berme aurkeztekoa dio administrazioari EHZk.
Arberatze-Zilhekoan segituko dute heldu den urtean, beraz, harreman biziki ona azpimarratuz, baina 2028an mugitzeari leihoa ireki diote. Gauzak urraska eginen dituzte, baldintza bertsuekin eta denen adosmenarekin abiatu nahi bailukete horretan. EHZk duen mugitzeko usaiari lotu diote antolatzaileek asmoa.
Arte horretan, EHZri buruzko liburu aurkezpenekin segitzen du festibalak. Laster frantsesezko bertsioa plazaratuko du. Dokumentalak ere bere bidea egiten du. Eta usaian bezeala, eguberriz 2027ko festibalerako hiru eguneko bono merkeagoa erosgai ezarriko du.