Macronek gerla hotsak handitu ditu, disuasio militarra goraipatuz; Sanchezek, “gerlari ez” erran dio. 2003an, Irakeko inbasioan, Chirac eta Aznarrek aurkako jarrerak izan zituzten.
Agintari politikoen adierazpenak etengabeak dira joan den otsailaren 28an Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iran erasotu, agintari andana hil eta ondoren Iranek inguruko bederatzi herrialde erasotuz erantzun ondotik.
Martxoaren 2an, disuasio nuklearrari buruzko hitzaldi luzea egin zuen Emmanuel Macron lehendakari frantsesak, ehunka soldaduren aitzinean. Frantziak arma nuklearra erabiliko balu, “herrialde bakar bat ere ez” ezingo litzakeela berpiztu baieztatu zuen. Biharamunean, herritarrei zuzendu zitzaien adierazpen ofizial baten bidez, eta Ekialde Hurbilera tropak bidaltzea justifikatu zuen, “aliatuak ez babestuz gero” Frantziaren sinisgarritasuna “jokoan” litzakeela erranez. Hala, Frantziako ontzidiko handiena den Charles De Gaulle hegazkin-ontzia Mediterraneora bidali du, eta frantziar lurraldean bertan ere Sentinnelle dispositibo antiterrorista indartu.
Espainiar lehendakari Pedro Sanchezek berriz, martxoaren 4an egindako adierazpen batean, bi hitzetan laburtu zuen bere gobernuaren posizioa: “Gerlari ez”. “Legez kanpokoak” diren erasoak gaitzetsi baditu ere, gerlak “nazioarteko ordena justuagorik” ekarriko ez duela “argi du” Sanchezek, eta hortaz, gudua arbuiatu du. Etengabe egin zion erreferentzia 2003an Espainiaren parte hartzearekin egin zen Irakeko inbasioari, eta horrek munduarentzat zein Espainiarentzat ekarri zituen ondorioei.
Bakoitzaren publikoa zein den, argi
Julen Orbegozo komunikazio politikoan aditu eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak harridurarik gabe hartu ditu bi diskurtsoak. Azaldu duenez, gerla testuinguruan, lehendakari batek eta haren aholkulariek argitu beharreko lehen kontuetako bat da lehendakaria nori mintzatuko zaion. Eta aste honetako kasuan, Macron frantziarrei ez ezik nazioarteko komunitateari ere mintzatu zaio, azken urteetan ohikoa denez. Aldiz, Sanchez lehentasunez espainiar herritarrekin konektatu nahian aritu da, 2003ko Irakeko inbasioa orohar arbuiatzen duen espainiar publikoarekin.
Macronen diskurtsoan, “Why we fight” (Zergatik borrokatzen dugu, ingelesez) kontzeptua ikusten du erdigunean Orbegozok: herritarrei eta nazioarteari justifikatzen dio zergatik dagoen tropak berea ez den gerla batera igortzeko prest. Hala, eraso terroristen mehatxua ematen du arrazoi gisa, tropak bidaltzeaz gain, frantziar lurraldean ere presentzia militarra areagotuz.
“Shock egoeran, ekonomia eta segurtasuna”
Sanchezek gerlari ez, Macronek ez bai ez ez, baina biek egin dute bat gai batean: ekonomia. Bi lehendakarien adierazpenetan, Ekialde Hurbileko gerlak Espainia eta Frantziako ekonomiei eragin diezaieken kaltea aipagai da. Julen Orbegozok azaldu duenez, herritarrengana iristeko tresna da ekonomia, segurtasunaren hein berean.