Badu bi urte komun idorrak ezarri dituztela Hendaiako San Bixente kolegioan. Asteburu honetan Ekopi'Fest antolatu dute kolegioan, Ekopi proiektua aurkezteko eta bi urteko esperientzia aurkeztu dute, instalazioen bisita eta mahai-inguru batekin.
Ekopi Fest asteburu honetan iragan da, Hendaiako San Bixente kolegioan. Komun lehorrak eta gernua edo pixa laborantzarako ongarri gisa erabiltzea izan dira topaketaren ardatzak.
Topaketan, bi urteko esperientzia aurkeztu dute, instalazioen bisita eta mahai-inguru batekin. Imanol Rattinacannou, San Bixente kolegioko Biologia irakaslea da. Egindako baliabide aurrezteak azaldu dizkigu, orain arteko sistema arruntari konparatua: "Gutxi gora behera urtean 100.000 litro ur aurrezten ditugu, eta 8.000 litro gernu biltzen ditugu. Ez da gutxi, eta ingurumena babesten dugu".
San Bixente kolegioak eta Biharko Lurraren Elkarteak gidaturik, Ekopi proiektuak gernua bildu eta tokiko laborantzan baliatzeko aukerak aztertzen ditu. Helburua hirukoitza da hemen: ura aurreztea, kutsadura murriztea eta kanpoko ongarriekiko menpekotasuna apaltzea.