DNK: ELBk A64 autobideko blokatzea utziko duela iragarri du

Hamaika egunen ondotik, ELB sindikatuak Ahurti eta Beskoitze arteko blokatzea utziko du. Bertze hainbat blokatze altxatu dituzte laborariek azken egun eta orenetan. CR sindikatuak zer egin erabaki beharko du orain.

DNK: ELBk A64 autobideko blokatzea utziko duela iragarri du
Abenduaren 12an blokatu zuten A64 autobidea ELB eta CR sindikatuek. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/12/23 12:46

ELB sindikatuak gaurtik goiti ez du A64 autobideko blokatzera deitzen. Gaur eguerdian ohar bidez azaldu dute eguberri garaian administrazioa "pausan" izanen denez, "autopistako okupazioa altxatzea eta indarrak azkar atxikitzea" erabaki dutela, "hilketa osoa geldiarazteko eta protokolo alternatibo egokitu baten gauzatzearen alde lan egiteko laborarien eta kabalen errespetuan".

Joan den abenduaren 12ko arratsean hasi zuten blokatzea Ahurti eta Beskoitze artean A64 autobidean, behien Dermatosi Nodular Kutsakorrari loturiko neurriak salatzeko. Erakustaldi bat izan dela dio ELBk: "indarra, elkartasuna eta mobilizazioa" erakutsi dutela diote agirian, baina bertze aldean, Pariseko laborantza ministerioaren azken berriek "ez dute aitzinamendu izpirik erakusten". Izan ere, duela astebete Annie Genevard ministroak hiltze masiboez eztabaida irekitzeko prest zela erran bazuen ere, neurriak ez dira aldatu. Haatik, txertatzeak azkartu ditu gobernuak; atzo, Pirinio Atlantikoetako behien %15 txertatua zela azaldu zuen prefekturak.

ELBk azaldu du A64ko blokatzea uzten badute, mobilizaturik jarraitzeko uzten dutela. Hala, kabala tropa osoak hiltzeko mehatxua oraindik ere hor dela oroitarazi dute, txertoek immunitatea emateko asteak behar baitira. Ipar Euskal Herriko etxalde batean behi bat DNK eritasunean positibo agertuko balitz, "gorputz eta arima borrokatuko" direla azaldu dute, osasun politika "onartezina" salatu eta geldiarazteko.

Zer etorkizun blokatzearentzat?

Coordination Rurale sindikatuarekin batera abiatu zuen ELBk A64ko blokatzea, eta orain eguberri atarian hark erabaki beharko du zer egin. Azken orenetan, Biarnoko Soumoulou herrian ere plantan emana zen A64ko blokatzea altxatua izan da, eta Frantzian zehar ere bertze hainbat puntutan arindu dira mobilizazioak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu