Baiona (Ipar EH)

Elkargoak oihan-xarta bururatzen ari du

Badu hilabeteak Euskal Elkargoa eta oihanzaintzako egitura pribatu eta publikoak ari direla Ipar Euskal Herriko oihanen kudeatzeko xarta komun bat adosten.

Elkargoak oihan-xarta bururatzen ari du
Iratiko oihana.
Iñaki Etxeleku
2026/10/12 08:00

Joan den buruilaren 15eko Kontseilu Iraunkorrean, Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek oihanaren kudeaketa ukan zuten aipagai eta berritu dute Akitania-Berriko Oihan Jabegoaren Estatu mailako Zentroarekin duten hitzarmena. «Oihan-jabe pribatuen zerbitzura den erakunde publikoa da hori».

Oroit gara, bestalde, duela urte bat pasa mozio bat bozkatu zutela Euskal Elkargoko hautetsiek lurralde oihanen zaintzeko eta gerizatzeko, partikulazki hegazkinentzat erregai egiteko E-CHO egitasmo industrialaren mehatxuari buru egiteko. Badu zenbait hilabete oihanen kudeatzaileekin oihan-xarta bat lantzen ari dutela Elkargoko zerbitzuek eta diotenez, «bukatze bidean da» xarta. Helburua duelarik «ekintza programa batean oinarritua» izatea eta «Ipar Euskal Herriko oihanak modu iraunkorrean kudeatzea». Daniel Oltzomendi Izurako auzapez eta Elkargoan trantsizio ekologikorako lehendakariordeak du gaia segitzen.

Energia, zura, berotegi klimatikoa

Ipar Euskal Herriko oihanak komunalak izan ziren mendeetan eta azken bi mendeetan pribatizatu dira azkar. Hainbestetaraino non, egungo egunean, bi herenak jabe pribatuenak diren. Elkargoa eskuz-esku ari da lanean hauen ordezkariekin, baita oihantzain publikoekin ere.

Oihan xartarekin Ipar Euskal Herriko oihanak babestu nahi dituzte eramateko molde bat adostuz denak berdin joka daitezen. Momentuko beharrei erantzutea da helburuetarik bat, izan berotzeko egurrarentzat, izan eraikuntzarako tokiko zura erabiltzeari buruz joateko. Beste desafio handia da beroketa klimatikoarekin zuhaitzek pairatu eritasun, kutsadura eta sute handi irriskuei buru egitea.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu