Azkaine (Lapurdi)

ElkartuARTE: belaunaldiak artearen eta euskararen inguruan elkartuz

Azkaineko zahar-etxean ikusgai da ElkartuARTE erakusketa. Haur, nerabe eta adinekoen margolanak bildu ditu, Ainara Oskoz artistaren gidaritzapean. Belaunaldiak artearen eta euskararen inguruan elkartu dira.

ElkartuARTE: belaunaldiak artearen eta euskararen inguruan elkartuz
Tailerrak haur txikiekin, nerabeekin eta Adina zahar-etxeko adinekoekin antolatu dira. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/08/18 18:22

Azkaineko zahar-etxean ikusgai da aste honetan ElkartuARTE proiektuari lotutako erakusketa. Helburua argia da: belaunaldi ezberdinak elkartzea, artearen eta euskararen inguruan esperientzia partekatu baten bidez.

Horretarako, margotzeko tailerrak antolatu dira haur txikiekin (1-3 urte), nerabeekin (10-15 urte) eta Adina zahar-etxeko adinekoekin. Ainara Oskoz artistaren gidaritzapean, parte-hartzaileek euskaraz aritu dira sormen-prozesu osoan.

Emaitza lan koloretsu eta askotarikoak izan dira: paretetan eta metalezko euskarritan ikusgai dauden margolanak, benetako erakusketa batean bezala. Batzuentzat ariketa emozionala ere izan da: adineko batek, adibidez, bere amaren etxea margotu du; beste batzuek margotzeko zaletasun hutsagatik hartu dute parte.

Ekimen hau Azkaineko GEUZ (Gizarte Ekintzako Udal Zerbitzua) eta Ainara Oskoz artistaren gogoeta partekatu batetik abiatu zen, eta Muriel Leizagoyen Galardi, kultura eta euskara hautetsiak, gogorarazi du arrakasta handia izan duela, gazteen tailerretan leku guztiak bete baitira.

Erakusketa aste honetan amaituko da. Beraz, hurbildu Azkaineko zahar-etxera lanak ikustera eta, bide batez, adinekoei bisita egiteko aukera aprobetxatu.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu