Angelu (Ipar EH)

Emazteen bihotzaren autobusak Angelun geldialdi bat egiten du

Asteartetik ostegun arte Angeluko Général de Gaulle plaza eta Herriko Etxearen aitzinean egoiten da Emazteen bihotzaren autobusa. Frantzia osoan ibiltzen den autobusa da, emazteen eritasun kardiobaskularren detekzio kanpainan.

Emazteen bihotzaren autobusak Angelun geldialdi bat egiten du
2 ordu irauten duen detekzio azterketa segitzen dute 3 egunez izena eman dutek 300 emaztek. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/04/22 11:19

Emazteen bihotzaren autobusaren bidez, hiru egunez Angelun artatzaileek osasun sistematik urrun diren emazteei detekzio azterketak proposatzen dizkiete, arrisku faktore kardiobaskularrak eta ginekologikoak neurtzeko. Izan ere, eritasun horiek dira emazte gehienak hiltzen dituen eritasunak.

Claire Mounier-Vehier Lilleko ospitaleko kardiologo eta « Agir pour le coeur des femmes » elkartearen sortzaileak esplikatzen digu zergatik inportantea den prebentzioa egitea kardiologo gisa: "Xifreen aldetik Frantzian egunero 200 emazte hiltzen dira bihotz kolpe batengatik, emazte bat 7 minutu guztiz, alimalekoa da. Gure hormonek badute eragin bat horren gain".

Hainbat arlotako medikuak eta erizainak elkartu dira. Cécilia Nocent Baionako ospitaleko Biriken medikua han zen, azaldu digu hainbat eritasunetan gainera sintomak ez direla berdinak emazteendako: "Badakigu emazteek beren burua guttiago zaintzen dutela eta badakigu eritasunetan ez direla ber sintomak ezta ber grabitatea emazteen eta gizonen artean. Badakigu ere, ez direla ber sintomak adibidez tabakoari lotua den eritasun batean edota asmaren kasuan, gainera gizonak baino emazte asmatiko gehiago dira. Beraz emazteak ez dira bortxaz ongi diagnostikatuak".

Ibilbidea segitu ondoren azterketa bat proposatzen da, eta guti gora behera hirutik emazte batek hasten du artatze ibilbide bat ospitalean edo klinikan. Horrez gain, hainbat mintzaldi, animazio eta tailer proposatuko dituzte astean zehar.

Interesgarri izanen zaizu